'Razas' antzezlana ikusgai asteburuan Elorrioko eta Durangoko antzokietan

Anboto 2011ko api. 5a, 08:30

Apirilaren 8n Arriola antzokian eta 10ean San Agustin kulturgunean eskainiko dute Maratonianos-en eta Talycual-en lana

Apirilaren 8n Arriola antzokian eta 10ean San Agustin kulturgunean eskainiko dute Maratonianos-en eta Talycual-en lana. Durangaldean, apirilaren 8an Elorrioko Arriolan eta 10ean Durangoko San Agustinen, ikusgai izango da Maratonianos eta Tal y Cual Producciones taldeek ekoitziriko Razas obra ikusgai. Obrako aktoreen zerrendan, besteak beste, Toni Cantó antzezle valentziarra dago. Abokatu talde bat protagonista duen antzezlana da datorren asteburuan Durangaldeko antzoki biotan eskainiko dutena: azpijokoari buruzko thriller bat da; pertsonaiek pentsatzen dutenaren eta esaten dutenaren arteko aldea bistan uzten duen lana. Obrak aurrera egin ahala azaleratzen doazen \"egiek\" ondorio latzak ekarriko dituzte. Pentsatzen eta esaten denaren arteko distantzia horrek islatzen ditu Madrilgo taldearen lanean egungo gizartearen joera ilunenak. Neska beltz bat bortxatzea egotzi dioten negozio-gizon dirudun eta azal zuriko baten defentsarako eskaera jasotzen dute obraren hasieran abokatu bulegoan. Kasuaren lanketa da antzezlanaren garapena dakarrena; istorioak aurrera egin ahala joaten da oholtzaratzen pertsonaiek barruan daramatena; ezkutatzen dutena. David Mamet sortzailearen \"azkeneko probokazio\" legez aurkeztu dute obra. \"Pertsonaien erretratu gordinagaz errealitatearen desdribapen gupidagabea\" burutuko dute, datorren asteburuan, Elorrion eta Durangon. I.E.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!