Bizkaian Gueñesko azpiestazioa eta Gipuzkoan Ezkio-Itsasokoa batuko lituzkeen goi-tentsioko argindar linea egiteko baimena eskatu du Red Electrica de España enpresak. Iurreta eta Berrizko udalbatzarrek aho batez hartu dute linearen aurkako jarrera.
Bizkaian Gueñesko azpiestazioa eta Gipuzkoan Ezkio-Itsasokoa batuko lituzkeen goi-tentsioko argindar linea egiteko baimena eskatu du Red Electrica de España enpresak. 72 kilometroko lineak Durangaldeko bost herritako lurrak zeharkatuko lituzke: Iurreta, Garai, Berriz, Mallabia eta Zaldibarkoak. Aurreproiektua eta Ingurugiro Inpaktuaren Azterketa bidali dute udaletxe guztietara, eta hauei datorren astean amaituko zaie alegazioak aurkezteko epea. Iurreta eta Berrizko udalek dagoeneko udalbatzarrera eraman dute gaia, eta linearen kontrako jarrera onartu dute aho batez. Iurretan San Markos eta Artaza auzoak baino goragotik pasatuko litzateke, eta lineatik gertuen dagoen baserria 150 metrora dago. Hainbat alegazio aurkeztu dituzte dagoeneko: \"Balore erantsirik ez duten azpiegituren sufrikarioa gara\", dio Iñaki Totorikaguena alkateak: \"Zergatik ez dute Iurreta kontuan hartzen ospitale bat edo zentro teknilogiko bat egiteko?\". Iurretatik Garaira joango da linea, Oiz ingurutik. Asteon arkitektoagaz batu dira eta, segurutik, alegazioak aurkeztuko dituzte. Gaia udalbatzarrera laster eroateko asmoa ere erakutsi dute. BI-3342 errepidea zeharkatuz sartuko da goi-tentsiko linea Berrizen eta lau auzori eragingo die. Udalbatzarrean hainbat alegazio onartu dituzte. Horietako batean azpimarratu dutenez, \"kontsumo arrazionalaren bidetik neurriak hartzen gabiltzanean, zentzubakoa da espektatibak kontsumo gehigorakoak izatea\". Kaltetutako lurjabeei babesa eskaintzea ere onartu dute. Mallabian kalkuluak egin dituzte, eta lineatik 300 metro baino distantzia txikiagoan 40 bat lagun bizi dira. Esaterako, Areitio auzoko Arño ingurua (hiru baserrik osatua) bi linearen artean geratuko litzateke, lehendik ere badutelako bat inguruan. Martitzenean egindako herri batzarrean herritarrek kezka erakutsi zuten. Linea Zaldibarrera doa ondoren. Lurjabeekin batzen hasteko asmoa dute, eta proiektua kontuz aztertuko dutela diote.
DATU OROKORRAK Proiektua: \'Gas eta Elektrizitate Sektoreko Planifikazioa (2008-2016)\' egitasmoan jasota dago. Trazatua: Ezkio-Itsaso eta Gueñesko azpiestazioak lotuko ditu. Luzera: 72 kilometro. Luzera Durangaldean: 15 kilometro. Garraitutako indarra:400 kV.
HERRIZ HERRI:
IURRETA: Luzera: 3 kilometro Nondik: San Marko eta Artaza auzoen goialdetik Egoera: Udalbatzarra, aho batez, linearen kontra agertu da.
GARAI: Luzera: 2,5 kilometro. Nondik: Oiz menditik zeharkatu du Garai. Egoera: Gaia udalbatzarrera eroango dute laster.
BERRIZ: Luzera: 4 kilometro. Nondik: Sarria, Andikoa, San Lorenzo eta Lasuen auzoetatik igaroko da. Egoera: Udalbatzarrak, aho batez, linearen kontrako jarrera hartu du.
MALLABIA: Luzera: Ia kilometro bat. Nondik: Areitio auzotik. Zengotita eta Aituatik ere gertu joango da. Egoera: Udalbatzarrera eroango dute laster.
ZALDIBAR: Luzera: 3,5 kilometro Nondik: Herri gainetik eta mendebaldetik joango. Egoera: Gaia aztertzen eta kaltetuekin berba egiten hasiko dira.