Amaiera hasieran dator izenburupean, otsail erdialdean kaleratu du Sermond\'s Durangaldeko boskoteak disko berria. Punk-rock doinu are bizkor, indartsu eta probokatzaileagoekin datoz. Gorka gitarristak egin digu lan berriaz zein 2004an lo geratu, 2008an berpiztu eta orain berriro indarberritu den taldeari buruz berba.
[img]http://www.anboto.org/images/8900/8966/1.jpg[/img]
Kontzertu askotxo emateko aukera izan duzue azken asteetan...
Elorrion, Eskoriatzan eta Mutrikun jo dugu azkeneko asteburuetan; eta martxoan Leitzan, Zaldibarren eta Deustun joko dugu, apirilerako ere badihardugu kontzertuak lotzen, eta maiatzean Altsasun ere joko dugu.
Horrenbeste zuzeneko eskaintzeko aukera izan duzue beti?
Diskoa orain gutxi sortutako Maukamusik disketxeagaz kaleratu dugu, geurea da euren bigarren diskoa; Ratzinger taldearen lehenengoa ere eurek kaleratu dute. Erdibana finantzatu dugu diskoaren produkzioa, eta eurak ere badakite diskoak salduz bakarrik ezin dugula inbertitu duguna berdindu. Management agentzia legez funtzionatzen dute, eta kontzertu asko eurek lotutakoak dira.
Zelan sortu da diskoetxeagaz jarduteko aukera?
Aurreko diskoa autoproduzitua izan zen; Sermond\'s berriro elkartu eta geneuzkan kantak grabatu genituen asteburu batean. Bigarren diskoa zelakoa izatea gura genuen askoz gehiago pentsatu dugu; kantak zelakoak izango ziren, zer kanta grabatu eta zeintzuk ez... Diskoetxeak jo zuen geugana, bertako kide bat ezagutzen genuelako: diskoetxeak abiatutako abentura horretan ia sartu gura genuen proposatu ziguten, eta ideia ona iruditu zitzaigun diskoetxe txiki bategaz jardutea.
Zelakoa izan da grabazio lana?
Astebeteko lana burutu ahal izan dugu, Karlos Osinagagaz estudio batean. Gero, Jonan Ordorikak masterizatu du. Pribilegio bat izan da guretzat halako grabazio bat egin ahal izatea.
Pisu handia dauka gitarrak zuen kantetan...
Gitarra da diskoko kanta askoren bihotza, esentzia. Gitarreroa da funtsean, rock & roll edo punk rock indartsua delako, baina baxuak eta bateriak ere leku handia daukate beti gure taldean, eta ahotsak ere oso oso landuta daude disko honetan. Bigarren eta hirugarren ahotsekin ere jokatzen dugu, baina, batez ere, Egoitz abeslariak asko landu du ahots nagusia.
Aurreko diskoan ere asko islatzen zen Sermond\'s taldearen energia jasotzen du \'Amaiera hasieran dator\' honek?
Maketa deitzen dugu askotan lehenengo disko hura, autoproduzitua izan zelako eta baliabide eskasekin egin genuelako, baina taldearen esentzia han ere badago. Lehenengo diskoan jasotako abesti batzuk oraindik ere jotzen jarraitzen dugu. Hura ere Sermond\'s zen, baina beharbada oraingoan pausu bat gehiago eman dugu.
Letrek ere punk jarrera horregaz zerikusia daukate, probokatzaileak dira batzuk...
Bai. Letrei dagokienez, berdin jarraitzen dugu lan egiten. Bi lerro dauzkagu, ez bakarrik euskara eta ingelesari dagokionez; sei kanta euskaraz, bi inglesez, eta besteak hizkuntza biak nahastuta egin ditugu. Gaiek ere bi lerro dituzte: letra probokatzaileak edo kutsu rockero hori dutenak egiten ditugu –Saturday night kanta esaterako–, baina gure inguruan pasatzen diren gauzei buruz ere kantatzen dugu; AHTari buruz, preso ditugun lagunei buruz... Irentsi kanta, esaterako, AHTaren kontrako abesti bat da.
Kanta baten letra egiteko kolaboratzailea ere izan duzue.
Peru Magdalenak idatzi digu Emakumeak kantua; \"emakumeak pilatzen zaizkit, emakume gehiegi bizitza bakar baterako\" dio kantak: oso azkar bizi garela eta parean daukagunaz ez garela ohartzen esaten du letrak. Letrak badauka ikutu probokatzaile hori. Gainerakoak Egoitzek idazten ditu.