Pilota profesionalarekin amesten dutenen ordua iritsi da. Gaurtik hasita, 24 pilotari gaztek elkarrekin lehiatuko dute Mallabiako Biharko Izarrak txapelketan. Lehiaketak zortzigarren aldia du aurten. 2011ko edizio honetan Durangaldeko lau gaztek parte hartuko dute: Jon Landaburu eta Aitor Azpiri elorrioarrek eta Andoni Aldape eta Ander Olalde mallabiarrek, hain zuzen.
Biharko Izarrak izen handiko txapelketa da. Izan ere, egun profesionaletan ari diren hainbat pilotarik parte hartu dute bertan: Asier Berasaluze eta Ibai Zabala berriztarrek eta Iñaki Larrañagak eta Mikel Beroizek, besteak beste. Azken adibidea iazko txapela jantzi zuen David Merino errioxarra da.
Iazko txapela jantzi orduko sinaturik zuen kontratua Asperekin. Txapela janzteko lehiatzeaz gain, pilotariek enpresetako begireleen arreta eurenganatzea bilatuko dute, beraz.
Martitzeneko aurkezpenaren ostean, lehiaren txanda iritsi da. Txapelketa jokatzeko sistema urterokoa da. Multzo bitan banatuta, denek denen kontra jokatuko dute. Azkenean, garaipenik eta aldeko tantorik gehien dituzten aurrelariak eta atzelariak igaroko dira finalera. Finala ekain hasieran jokatuko da. Gaur jokatuko dira ligaxkako lehendabiziko partiduak. Lehenengo taldeko Ezkurda-Olalde eta Albarado-Diez bikoteek elkarren aurka jokatu zuten. Bigarren taldean Victor-Landaburu eta Mendizabal-Aretxabaleta bikoteek elkarren aurka lehiatuko dira.