Berasaluze VIII.ak eta Apraizek 22-11 galdu dute Titin III.aren eta Pascualen aurka. Ibai Zabalak 22-15 galdu du, bere itzuleran.
Ligaxka amaitzeko hiru jardunaldiren faltan, Binakako Txapelketa gori-gorian dago. Berasaluzek eta Apraizek ia aukera guztiak galdu dituzte aurrera egiteko.
Otsaila hilabete beltza izan da Berasaluze VIII-Apraiz bikotearentzako. Hile hasieran ligaxkako hirugarren postuan zeuden bitartean, ligaxka bukatzeko hiru jardunaldi falta direnean txapelketatik kanpo daude ia; otsaileko hiru partiduak galdu egin dituzte, azkena domekan, Titin III-Pascual bikotearen aurka, 22-11, Adarragan. Oraindik aukerak dituzten arren, oso gaitza izango dute aurrera egitea.
Bestalde, jardunaldi honetan Ibai Zabala berriztarra lehiaketara itzuli da; lesioa dela eta, Patxi Ruiz ordezkatu du. Zapatuan Iruñeako Labriten jokaturiko partiduan, 22-15 galdu zuen Bengoetxea VI-Zabala bikoteak Irujo-Merino II bikotearen aurka.