Desjabetza akten sinadura bertan behera geratu da Abadiño, Atxondo eta Elorrion

Anboto 2011ko ots. 1a, 10:28

Hiru herriotako udaletxeetara etorri dira ADIFeko ordezkariak, desjabetza akta berriak sinatzeko.

Asteon AHTaren dejabetza akta berrien sinadura bertan behera geratu da Abadiño, Atxondo eta Elorrion. Lurrak behin-behinean desjabetzeko aktak dira oraingoan, eta trenaren lanek dirauten bitartean hainbat azpiegitura egongo lirateke lur horietan. Aktak udaletxeetan sinatu ez direnez, hurrengo pausua lurjabeak eta udalak Bilbora deitzea izan daiteke. Abadiñoko alkateak ezin izan zuen udaletxean egon eguaztenean ADIFekoak etorri zirenean, eta Elorrion ez zieten udaletxea zabaldu. Atxondon, udal ordezkariak udaletxean egon ziren, eta uko egin zioten aktak sinatzeari.

Atxondoko kasua

David Cobos Atxondoko alkateak salatu du lurjabeei bidalitako idatzietan \"akats legalak\" egon direla: \"formetan eta edukietan ez dituzte arauak bete, eta legea bete ezean ez dugula ezer sinatuko esan diegu\". Trenaren ibilbide posibleak direla-eta, ezinegona dago Atxondon. Joan zen astean EAJk prentsa ohar batean zera salatu zuen; gobernu taldeak, \"trabak ipinita\", ibilbidea \"bizilagunentzat kaltegarriena izatea\" lortuko duela. Cobosen iritziz, \"Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren betebeharra da kalte gutxien egiten duen ibilbidea aukeratzea\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!