AHTaren gaian, alkatearen "jarrera eta engainua" salatu dituzte jeltzaleek

Anboto 2011ko urt. 28a, 10:30

\"Euren jarreragaz trenaren trazatua Atxondoko bizilagunentzako kaltegarriena izatea lortuko dute\", diote oharrean.

Atxondoko EAJ-PNVren Uri Batzarrak \"David Cobos alkateak eta bere udal taldeak AHTaren inguruan mantentzen duten jarrera eta engainua\" salatu du. \"Euren jarreragaz trenaren trazatua Atxondoko bizilagunentzako kaltegarriena izatea lortuko dute\", diote oharrean. Jeltzaleek gogoratu dutenez ADIF erakundeak hasierako trazatua aurkeztu zuen eta horretarako ingurumen-inpaktuaren azterketa egin zuen, honek Apatamonasterioko herrigunean ere eraginez. \"EAJ-PNVk eginiko eskarien ostean ADIFekin desbideratzea adostu zen\", trazatua herrigunetik aldenduko lukeena. \"Baina, puntu honetan eta trena igaroko ez delako gezurraren azpian, gobernu taldeak oztopoak baino ez ditu jartzen ADIF erakundeagaz kolaboratu barik\" diote jeltzaleek. \"Honek beragaz batera dakar azkenean herriarentzako ibilbide mingarriena egitea\", azaldu du Atxondoko EAJ-PNVk . Amaitzeko, \"udal aurrekontuko 12.000 euroko kopurua inbertitu da AHTren kontrako ekintzetan, ANVren zinegotzi baten familiaren lurretatik tunelaren irteera ateratzen saiatzeko\", kritikatu dute. \"Ezin da herria engainatu eta Plan Orokorrerako Zirriborroa aurkeztu, azpiegitura hau aurreikusi barik eta gainean dugula kontuan hartu barik\". Salatu dutenez, \"interes orokorra eta partikularra nahastu egiten dira, ANVren gobernu honen jardueran eman diren bestelako kasu batzuetan bezala\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!