Iurretako-Zaldua, igoera postuan daudenen arteko derbia gaur

Anboto 2011ko urt. 22a, 10:00

Derbi guztiek dute euren mamia, baina gaur Iurretako eta Zaldua neurtuko dituena berezia da. Izan ere, sailkapeneko lehenengoa eta bigarrena lehiatuko dira; igoera postuetan dauden talde biak, alegia.

Derbi guztiek dute euren mamia, baina gaur Iurretako eta Zaldua neurtuko dituena berezia da. Izan ere, sailkapeneko lehenengoa eta bigarrena lehiatuko dira; igoera postuetan dauden talde biak, alegia. Iurretako izango da faborito, orain arteko ibilbidea edonor beldurtzeko modukoa delako. Hamasei jardunaldi joan direnean, oraindik ez dute partidurik galdu, eta lehenengo erregionalean golik gehien sartu eta gutxien jasotzen dutenak dira. Liga hasieran \"baloiak ez zuen sartu gura\", gogoratu du Jon Gurutz Vazquez entrenatzaileak, eta \"puntu baliotsu batzuk galdu genituen\". Iurretarren haserrea Ibarsusik ordaindu zuen (8-0), eta harrezkero abiada bizian dira. Azkeneko lau denboraldietan lehenengo lauren artean (birritan hirugarren) sailkatu dira, igoera hatz puntekin ukitu dutela. Aurten lortuko dutela dirudi, baina \"ederto eskarmentatuta gaude, eta gure burua beti hurrengo partiduan dago, ez harago\". Zalduaren ibilbidea ere azpimarratzeko modukoa da. Liga osoan partidu bi bakarrik galdu dituzte –bana etxean eta kanpoan– eta golik gehien sartu eta gutxien jaso duten bigarrenak dira. Helduleku moduan, beste datu bat: egia da Iurretakok ez duela etxean partidurik galdu, baina zortzitik lau berdindu egin ditu. Iñaki Garcia entrenatzailea gustura dago orain arteko lanagaz, izan ere, \"iaz baino hobeto ibiltzea itxaroten nuen, baina ez hain goian ere\". Aurten bigarren taldea sortu du Zalduak -hirugarren erregionalekoa- eta asmatu ei dute: \"Jokalari gehiagok jokatu dezakete eta maila orokorra hobetzen da\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!