Asteburuan Landakon jokatutako lehian 81-76 irabazi dute durangarrek. Bigarren itzulia hasi denean, Durangoko taldeak orain arte irabazitako hiru partiduetatik bi Zornotzaren kontrakoak dira.
Asteburuan Landakon jokatutako lehian 81-76 irabazi dute durangarrek. Bigarren itzulia hasi berri denean, Durangoko taldeak orain arte irabazitako hiru partiduetatik bi Zornotzaren kontrakoak dira.
Ematen du Tabirakok Zornotzaren kontra jokatu behar duela EBA mailan partiduak irabazteko. Landakon, bigarren itzuliko lehenengo lehian, Durangoko taldeak 81-76 menderatu zuen Zornotza, emozioz eta intentsitatez betetako partiduan. Orain arte jokatutako 12 neurketetatik hiru irabazi ditu Tabirakok eta horietako bi Zornotzaren kontrakoak dira. Hala ere, durangarrek sailkapeneko azkenengo postuan jarraitzen dute.
Kantxan hasiera-hasieratik nabaritu zen talde biak motibazioz gainezko zeudela. Partidu osoan talde bietako batek ere ezin izan zuen markagailuan alde nabarmenik atera eta ikusten zen azken txanpa emozionantea izango zela. Batak zein besteak irabazi zezakeeen neurketa eta, azkenean, Landakon batutako zaleen pozerako, Tabirako nagusitu zen.
\"Beti horrelako intentsitateaz jokatuz gero, edozein talderen kontra lehiatzeko eta edozein talde estuasunetan ipintzeko gai garela sinesteko balio behar digu garaipenak\", adierazi du Tomas de Castro entrenatzaileak.
Datorren asteburuan Tabirakok Cafés Aitonaren kontra jokatuko du etxetik kanpora eta Zornotzak Torrelavega hartuko du etxean.