Lehendakari Txapelketa 23 urtera arte handitu eta Euskaldun Torneoa 28ra arte mugatu dute.
Lehendakari Txapelketa 23 urtera arte handitu eta Euskaldun Torneoa 28ra arte mugatu dute.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak datorren denboraldirako txapelketen egitura aldatu du. Aldaketak bozkatzeko egindako batzarrean, Bizkaiko eta Arabako federazioek alde bozkatu zuten eta Gipuzkoakoak, oro har, kontra.
23 urtez azpiko txapelketa Lehendakari Txapelketagaz bateratu dute. Beraz, iaz arte 19 eta 20 urteko gazteek parte hartu zezaketen txapelketaren adin tartea 22 urtera arte luzatu dute. Horrela, gazteetatik nagusietara saltoa ematen duten txirrindulariek eurak baino zailduago dauden ziklisten kontra borrokatuko dute. Izan ere, \"helburu nagusia ez da lasterketak irabaztea, profesionaletarako saltoa eman dezaten txirrindulariak trebatzea baino\", azaldu du Agus Ruiz Bizkaiko Txirrindularitza Federazioko lehendakariak: \"Norbere dohaiak hobeto eta gehiago lantzen eta garatzen dira esperientzia eta maila handiagoko txirrindulariekin. Bestela, gazteetatik nagusietara saltoa ematen denean, sarritan txirrindulariak arerio berdinen kontra lehiatzen dira eta badakite besteak zer eman dezakeen\".
Euskaldun Torneoa, aldiz, 28 urtera artekoentzat mugatu dute. Handik gorakoek adin tarteetan banatuta korritu beharko dute (Master 30, 40…).
Horrez gainera, hiru lasterketa(martxoaren 3an Ereñon, martxoaren 12an Lizartzan eta apirilaren 3an Amorebietako Udaberri Saria) izango dituen Irekiera Torneoa antolatuko dute, 19 eta 20 urteko txirrindularientzat. Hiru lasterketa horiek Lehendakari Txapelketako egutegiaren barruan sartzen dira.
Euskadiko Txirrindularitza Federazioak txapelketa eta torneo guztien jarraipena egingo du. Izan ere, iaz lasterketa batzuetako ibilbideak \"gogorrak\" izan ziren: \"Lasterketa batzuk 15 txirrindularik bakarrik amaitu zituzten eta kontua ez da hori, txirrindularien trebakuntza baino\", dio Ruizek.
Euskaldun Torneoa otsailaren 26an hasiko da Zumaian eta Lehendakari Txapelketa otsailaren 27an Soraluzen.