Sasikoa zulotik irten da segidan hiru garaipen lortuta

Anboto 2011ko urt. 10a, 13:01

Denboraldiko garaipenik errazena lortu dute asteburuan Juventud taldearen kontra: 10-2.

Denboraldiko garaipenik errazena lortu dute asteburuan Juventud taldearen kontra: 10-2. Areto futboleko mailetan egingo duten birmoldaketa dela-eta inoiz baino talde gehiago jaitsiko dira aurten ohorezko A mailatik. Beraz, Sasikoak ez du erlaxatzeko modurik, baina arnasa apur bat lasaiago hartzeko moduan daude azken hiru partiduak segidan irabazita zulotik irten direlako. Urtea ederto amaitu zuen Durangoko taldeak. Lehenengo 3-1 irabazi zion sailkapeneko goialdean dabilen Kirol Sport taldeari eta, ondoren, hiru puntuak ekarri zituzten Allerru Algeposara egindako bisitan (3-4). Joan den asteburuan segidan hirugarren garaipena eskuratu dute etxean Juventud del Circulo taldearen aurka (10-2). Horixe izan da denboraldiko laugarren garaipena eta orain arte lortu duten samurrena. Orain 15 taldeko multzoan 11. dago Sasikoa. Datorren asteburuan sailkapenean seigarren dagoen Castro Urdialesen kontra jokatuko dute etxean. Mallabia bigarren Euskal ligan Mallabiak 5-2 irabazi zion Sasikoari Durangaldeko taldeen arteko derbian. Ondorioz, Mallabiak bigarren tokian jarraitzen du sailkapenean. Etxetik kanpora bikain dabiltza eta jokatutako bost neurketak irabazi dituzte. Datorren asteburuan Tolosala taldea bisitatuko dute. Lehenengo erregionalean Abadiñoko Lagunek ez zuen arazo larregirik izan Landeta azken aurreko sailkatua menderatzeko eta lider jarraitzen du. Durangoko Mendibeltz, aldiz, larri dabil; orain arte jokatutako 13 partiduak galduta azkenengo tokian dago. Azkenik, bigarren erregionalean, aurten sortu duten Durangoko Sapuberri taldea sailkapeneko biggarren tokian dago eta Iurretako Dantxari, berriz, hirugarren. Sestao liderrarengandik bi eta bost puntura daude, hurrenez hurren. Talde biek, Mallabiaren antzera, ez dute oraindik partidurik galdu etxetik kanpora.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!