Dani Ruizek zilarrezko domina lortu du Espainiako txapelketan

Anboto 2011ko urt. 10a, 09:33

Hirumet taldeko txirrindularia 23 urtez azpikoan bigarren geratu da. Elite mailan Murgoitiok, zorte txarraren ondorioz, bederatzigarren amaitu du.

Hirumet taldeko txirrindularia 23 urtez azpikoan bigarren geratu da. Elite mailan Murgoitiok, zorte txarraren ondorioz, bederatzigarren amaitu du. Asteburuan Espainiako ziklo kros txapelketa jokatu dute Zamoran eta Euskadiko selekzioak sei domina irabazi ditu. Horietako bat Hirumet taldeko Dani Ruiz gernikarrak irabazi du; 23 urtez azpikoan Jon Ander Insaustiren atzetik bigarren geratu eta zilarrezko domina eskuratu du. Lasterketan biak bakarrik geratu zirenean, Ruiz izan zen erritmoa ezarri zuena, Insausti gurpilera itsatsita zuela. Azkenengo itzulian Insausti ihes egiten saiatu zen eta alde handirik hartu ez bazuen ere, lasterketa irabazteko adina metro atera zizkion Ruizi. Hauek izan dira Euskadiko selekzioak lortu dituen gainerako lau dominak: Jonathan Lastra, Eider Merino eta Lierni Lekuonak zilarra eta Eneko Corralesek brontzea. Euskadiko selekzioak lortutako lorpen horiei Javier Ruiz de Larrinagaren eta Xavier Mendiarazen (Master 40) garaipenak gehitu behar zaizkie.

Murgoitiok zorte txarra

Elite mailan Egoitz Murgoitio abadiñarrak zorte txarra izan zuen. Aurrean zihoala, lokaztutako gune batean, Suarezek atzetik ukitu zuen eta zuhaitz baten kontra joan zen zuzenean ezkerreko sorbalda kolpatuz. Hala ere, lasterketa bederatzigarren tokian amaitzea lortu zuen: \"Espainiako txapelketan zorte txarra dut; bata ez bada bestea gertatzen zait, baina beti zer edo zer. Aho zapore txarragaz noa\", adierazi du abadiñarrak. Elite mailako lasterketa Javier Ruiz de Larrinagak irabazi zuen.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!