Zapatuan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala BECen, eta Arkaitz Estiballesek jantzi zuen txapel beltza. Amuriza hirugarren izan zen, Ugartetxea bosgarren eta Abasolo zortzigarren.
Zapatuan jokatu zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala BECen, eta Arkaitz Estiballesek jantzi zuen txapel beltza. Amuriza hirugarren izan zen, Ugartetxea bosgarren eta Abasolo zortzigarren.
4.200 bertsozale batu ziren zapatuan BECeko Bizkaia Arena pabilioian final handia zuzenean jarraitzeko. Arkaitz Estiballes galdakoztarrak irabazi zuen, merezita gainera. Saio borobila egin zuen, eta Etxahun Lekuegaz ailegatu zen buruz-burukora.
Miren Amuriza berriztarra azken fase horren ateetan geratu zen. Hirugarren sailkatuta, saio txukuna bete zuen Amurizak; txapela irabazteko faboritoen artean zuen jende ugarik, baina oraindik ere izango du distira gehiago ateratzeko aukera.
Beñat Ugartetxea mallabitarra eta Eneko Abasolo Abarkas iurretarra ere lehenengo bider igo ziren finaleko oholtzara, Amurizaren antzera. Hainbat urtez plazaz plaza ibili ostean plaza erraldoian kantatzea tokatu zitzaien. Ugartetxeak umore puntua ipini zuen ofiziotan, eta Abasolok lan ona egin zuen 10eko txikian Amurizagaz batera. Mallabitarra bosgarren izan zen 492,5 puntugaz, eta Abasolo zortzigarren 438,5 puntugaz.
Bertso finala inoiz baino plaza naturalagoa bilakatu zen, eta giro bikainean pasa zen arratsaldea. Gaueko 21:30ak bueltan ipini zion Luis Baraiazarrak Arkaitz Estiballesi garailearen txapela.
Adierazpenak
Finala amaitu eta segidan prentsaurrekoa eskaini zuten zortzi bertsolariek. Bertsozaleen berotasunak eta txaloek asko lagundu ziotela esan zuen Miren Amurizak. \"Oso trankil sentitu naiz horri esker. Momentu batzuetan, agian, behar baino lasaiago\". Beñat Ugartetxeak \"batzuetan txispa gehiago ipini behar\" zuela uste zuen, \"gora eta behera\" ibili zela aitortuz. Eneko Abasolori, saioagaz gozatu arren \"lehiakortasuna falta\" zitzaiola iruditu zitzaion.