Aralarrek PSE eta PPren arteko aurrekontu akordioa kritikatu du, "Durangaldeko biztanleak baztertzen dituelako"

Anboto 2010ko abe. 17a, 10:10

Durangaldean ospitale bat ezartzea, Durango-Elorrio artean tranbia eraikitzea, Euskotrenen bulegoak Durangon ezartzea eta Kirolene eskolari egoitza berria eraikitzea dira aipatutako proiektuak.

Durangoko Aralarrek jakitera eman duenez Eusko Jaurlaritzak egin dituen 2011ko aurrekontuak, PSEk eta PPk Eusko Legebiltzarrean babestu eta zuzendu dituztenak, \"eskualdeko hainbat egitasmorendako kaltegarriak dira\". Durangaldean ospitale bat ezartzea, Durango-Elorrio artean tranbia eraikitzea, Euskotrenen bulegoak Durangon ezartzea eta Kirolene eskolari egoitza berria eraikitzea dira aipatutako proiektuak. Eusko Legebiltzarrean 2011 urterako Eusko Jaurlaritzak egin dituen aurrekontuak eztabaidagai dituzte egunotan. Horren aurrean, Aralarrek prentsa oharrean azaldu duenez \"beharrezkoa ikusten du Durangaldeko biztanleei azaltzea PSEk eta gobernu-lagun duen PPk aurrekontu eztabaidan izan duten jarrera\". Aralarrek iritzi dio bi alderdi horien arteko akordioak, eta beraz, gobernuak egingo duen politikak, \"eskualdeko zenbait egitasmo garrantzitsurentzat kaltegarriak\" izango direla. Bi alderdi horiek Aralarrek aurkeztu dituen 161 zuzenketa eta proposamenen aurka bozkatu dute eta ez dute negoziatzeko jarrerarik izan Aralarren esanetan. 161 proposamen horietako batzuk Durangaldeko hainbat proiektu garatzea dute helburu. Durangaldean ospitale bat ezartzea proposatu du Aralarrek eta PSE eta PP blokeak kontrako bozka eman diotela kritikatu du. \"Aukera hori baztertu dute, Osakidetzak berak egindako txostenek eskualdean azpiegitura horren beharra dagoela adierazten duten arren; gainera, inbertsioa Gasteizera eta Eibarrera bidaltzeko erabakia hartzen dute, jakina bada ere lurraldea biztanle/ohe kopuru aldagaietan atzeratuen dagoen lurraldea dela\". Bigarren adibide moduan, Aralarrek Durango eta Elorrio artean tranbia ezartzeko bideragarritasun txostena egitea proposatu du. Prozesuaren lehen urratsa hastearen aurka agertu direla diote Aralarretik, \"jakin badakiten arren bi herri horiek ez daukatela tren konexiorik eta jakinik gaur egun masifikatuenen artean dagoen errepidea dela\". Hirugarrenez, Eusko Jaurlaritzak Durangon Euskotrenen egoitza ezartzeko hartu zuen konpromisoa alboratzen dutela jakitera eman du Aralarrek. \"Zaha Hadid-en eraikina altxatzea ez da nahitaezkoa , baina bai uste dugu oso garrantzitsua dela Euskotrenen moduko enpresak eta beste enpresa garrantzitsuak Durangon kokatzea, hori estrategikoa izan daiteke Durango bezalako zerbitzuen herri batentzat\". Laugarren, Jaurlaritzak baztertu egin du Kirolene eskolarentzat egoitza berria egitea Durangon. Kirolenek dituen beharrak asetzeko eta izango dituen beharrak asetzeko beharrezkoa dela egoitza berria eraikitzea kritikatu dute. \"Garrantzitsua ere azken proiektu hau, hain zuzen, zerbitzu herri izaera garatu nahi duen herriarentzat\". Aralarrek beste behin salatu duenez, \"eskualde honek inbertsio falta eta bazterketa pairatzen du\". Gaineratu dutenez, \"lurralde antolamenduari dagokionean txarto tratatua izan da Durangaldea, biztanleak pilatzen diren hiri-guneak lehenetsi direlako gobernuen politiketan, eta horren haritik, barrualdeko eskualdeak beraien azpiegituren igarobide izateko erabili dituzte. Horrek guztiak ekarri du eskualdeko ingurumenak kalteak pairatzea, eta inbertsio kontuetan ordea, guztiz baztertua izatea\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!