Osasun sailburu Rafael Bengoak Osakidetzako etorkizuneko beharrizanak zehazten dituen txostena azaldu du. Han, besteak beste, ospitale subakutuen (errehabilitazioari eta zainketa aringarriari bideratua) beharra adierazi eta tankera horretako ospitalea Eibarren egiteko asmoa jakinarazi du. Aralarren ustez kokaleku aproposagoa da Iurretako sasoi bateko EITBren egoitza.
Joan zen astean Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumo batzordeko sailburu Rafael Bengoak agerraldia egin zuen Osakidetzak dituen beharrizanen maparen lehenengo zatiari buruz berba egiteko. Agerraldian, besteak beste, gaixo subakutuen inguruko beharrizanak zeintzuk diren azaldu zituen; beharrezko ikusten dute Galdakaokoa bezalako ospitaleak gaixo akutuetarako —gaixotasunaren jarraipena eta ondorengo ebakuntza eskatzen dutenak—erabiltzea eta gaixo subakutuentzako azpiegitura berria egitea, oheen saturazioa ekidingo lukeena. EAEko hiru probintzietan beharrizanik handienak dituzten eremuak zehaztu zituzten; Bizkaian Durangaldea, Arratia, Lea-Artibai eta Busturialdea hartzen dituen eremua eta Enkarterriak eta Ezkerraldea hartzen dituena azpimarratu zituzten.
[img]http://www.anboto.org/images/8300/8314/1.jpg[/img] Jaurlaritzak ospitalea Eibarren egitekoa asmoa jakinarazi du, Durangaldeari ere zerbitzua eskainiko liokeela zehaztuz. Erabaki horregaz ez dator bat Aralar. Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkidearen ustez, \"Durangaldea toki aproposagoa da\": \"Gernikan eguneko ospitale bat aurreikusita dagoenez, Durangaldea proposatzen dugu eta hain zuzen Iurretan sasoi batean EITB kokatuta zegoen eraikina\". Maezturen esanetan, \"ez du arazo urbanistikorik ekarriko, A-8 autopistagaz ederto komunikatuta dago eta Bizkaibusek 100 metro eskasera geltoki bat egiteko asmoa dauka\". Beraz, Bizkaiko Batzar Nagusietan \"legez besteko proposamena sartuko dugu, hark Jaurlaritzari erabakia berraztertzeko eskatu diezaion\".
Azpiegitura ugariko ospitalea
Gaixo subakutuentzako beren beregi zuzendutako ospitaleen gabeziak bultzatu du Jaurlaritza ospitale berria egitera, baina osasun zentro berriak bestelako eskakizunak eta zerbitzuak ere beteko lituzke: anbulatorioko kontsulta eta egonaldi ertaineko ospitalizazioa, besteak beste. Beraz, azken batean, \"ospitale bateko azpiegiturei buruz ari gara\", dio Maeztuk.
Bilboko eta Uribe Kostako beharrrizanak ondo estaltzen dituzte Gorliz eta Santa Marinako ospitaleek txostenaren arabera. Bizkaian gabezia Durangaldea, Arratia, Lea-Artibai eta Busturialdeak osatutako eremuan eta Ezkerraldeak eta Balmasedak osatutakoan ikusten dute. Eremu bakoitzean 300.000 biztanle inguru bizi da. Jaurlaritzako txostenaren arabera, Gipuzkoan Debagoienean eta Debabarrenean ere badago beharrizan hori.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!