Alcobendasko azkenengo lasterketan irabazi eta Juarezek katea hautsi zuen. Beraz Hirumet taldeko gernikarrak irabazi du 23 urtez azpiko txapelketa.
Alcobendasko azkenengo lasterketan irabazi eta Juarezek katea hautsi zuen. Beraz Hirumet taldeko gernikarrak irabazi du 23 urtez azpiko txapelketa.
Domekan, Madrilgo Alcobendas herrian Espainiako Kopako azkenengo lasterketa korritu zuten. 23 urtez azpikoan Dani Ruizek lasterketa irabazita ere David Juarezek bosgarren amaitzea nahiko zuen txapela janzteko, baina zorteak ez zion lagundu. Bizikletako katea apurtu eta ezin izan zuen atzetik aurrerako bidea egin. Hirumet taldeko Ruizek berak ere ez zuen txapelketa irabazterik itxaroten: \"Nire helburua lasterketa irabaztea zen; sailkapen nagusiko bigarren postuagaz konforme nengoen. Azken itzuli bietan asko sufritu dut Armero eta Diez Arriolaren erritmoa jarraitzeko, bai bainekien kopa irabazi nezakeela\".
Nagusietan Egoitz Murgoitiok gurpila zulatu eta atzetik aurrerako bidea egin behar izan zuen. Aurrekoak harrapatu ez ezik gainditu eta bakarrik sartu zen helmugan. Espainiako Kopa Ruiz de Larrinagak irabazi zuen, lasterketa bigarren amaitu ondoren.
Zapatuan ere erraz irabazi zuen Murgoitiok Laudion. \"Ibilbidea espero baino astunago zegoela ohartzean hasieratik aldea atera nezakeela ikusi nuen eta helburu horrekin hasi nintzen\". Esan eta egin. Helmugan 1.14.-ko aldea atera zion Aitor Hernándezi. Hirumet taldeko Xabier Garcia elorriarrak laugarren amaitu zuen.
Xabier Garciak Zeberioko lasterketan parte hartu zuen domekan (euskal zirkuiturako punutuagarria) eta bigarren amaitu zuen Aitor Hernándezen atzetik.
Datorren asteburuan Munduko Kopako lasterketan parte hartuko du Hirumetek Belgikan.