'Errautsak': Belaunaldi baten erretratu gordina, bizia eta zintzoa

Anboto 2010ko aza. 24a, 15:01

Durangoko San Agustin kulturgunean egin diete Durangaldeko euskaldun kultura zale guztiei antzezlana ikustera joateko gonbita sortzaileek. Zornotza Aretoan eguenean, Elorrioko Arriolan barikuan 22:00etan, eta zapatuan, 20:00etan, Durangoko San Agustinen eskainiko dute. Antzezlanean Zigor gorpuzten duen Ander Lipus aktore markinarra, Aitziber Irigoras Durangoko alkatea eta Errautsak laneko elkarrizketak idazteaz arduratu diren Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolari durangarrek egin zuten atzo asteburu honetako emanaldietarako gonbita. Antzezlanaren gaineko azalpenak eman zituzten agerraldian, Ander Lipusek nabarmendu zuenez, \"berbaz azaldu barik, onena jendeak antzezlana bertatik bertara sentitu eta ikustea\" den arren. Azaroan zehar egin dituzten 14 emanaldietako azken hirurak dira Durangaldekoak; datorren urteko otsailetik aurrera Euskal Herriko antzoki askotan izango dira. Hegoaldeko Artedrama eta Dejabu taldeen eta Iparraldeko Le Petit Théâtre de Pain taldeko sortzaileen elkarlanetik sortutakoa da Errautsak. Lipus Artedramako kide eta aktoreak nabarmendu zuen, \"gauza ederra da mugak hautsi, Iparraldeko talde bategaz hartu-emanetan ipini eta bere osotasunean euskarazkoa den proiektu bat martxan jartzea\". Aurretik, Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarrituta egin zuten Ahuki hutsa, elkarlaneko lehenengo proiektua. Ximun Fuchs-en ideia batetik tiraka sortutakoa da zelanbait \"proiektu handiagoa\" den Errautsak. Hasierako ideia, antzerki obra kalean ematea zela kontatu du Lipusek, baina sorkuntza prozesuak aurrera egin ahala pentsatu zutela Errautsak antzokiratzea. \"Aitzakia dramatikoa, aspaldiko lagun bat hil egin dela da\", Lipusen berbetan: elkar ikusi barik denbora luzea zeramaten sei lagunak errausketa ekitaldian elkartuko dira berriro, eta ohiko errausketa ekitaldi baten ordez, \"jai basati\" bat ospatzea erabakiko dute.

Arketipo muturrekoak

Antzezlana sortzeko prozesuaren hasieran batu ziren sei aktoreek testua gehiago lantzeko beharra nabaritu zuten, eta \"orduan jo genuen Igor eta Unairengana\", Lipusek azaldu zuenez. \"Eurek indartu zituzten pertsonaiak\", Lipusen berbetan. Obrako pertsonaien arketipoak oso muturrekoak direla aurreratu dute aurkezpenean: \"Kaiet, hipotekatua, aita, bizitzaren erritmoari eusteko pilulak hartzen dituena; Zigor, analfabeto sentimentala, tripa daukana, antieuskalduna; Erramun, beti herrian geratu dena; Eider, neska euskaldun eredugarria; Pili, taldeko lela, drogak pasatzen dituena; Fermin, beti bidaiatzen dabilen laguna; eta Hodei, hil den eta beti gazte izango den neska\". Aktoreen jatorriaren arabera, baxenafarrera, lapurtera, nafarrera, bizkaiera, gipuzkera eta euskara batua egiten dute Errautsak laneko pertsonaiek berba, eta \"freskotasun eta indar berezia ematen dio horrek antzezlanari\". \"Ikasbide eta plazera izan\" ei da bertsotan bakarka aritzera ohituta egonda \"talde lanean \" jardutea azpimarratu zuen aurkezpenean Elortzak. \"Emaitza interesgarriak irten du, gure belaunaldiko euskaldun batzuen erretratua egiten da, eta gai asko zeharkatzen dira: sexua, politika, drogak, dirua, espiritualitatea...\" \"Umorea, labana bat legez zaurgarria izan daitekeelako, baina ukendu ere izan daitekeelako\", antzezlana \"gordina eta zintzoa\" dela azaldu dute sortzaileek. Oholtzako sei pertsonaien izaeraren parteren bategaz denok sentituko garela identifikatuak ere aurreratu zuten.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!