JON BEREZIBAR GONZALEZ> ARRASATE
Pisuarengatik ere neurgarria izan zitekeen barikuko saioa: runbaren arintasun festazalea metalik astun eta boteretsuenaren aurka. Epel ez gintuzten utzi, behintzat, bi taldek: ElTtrio Calaverak, Oñatiko rumbarik katxondo eta zabarrarenarekin eta Ymotekek, betiko metalaren Titanak bezala.
Nabarmentzekoa, hala ere, Front Malabarrekoen apustu indartsua. Eta, Rock Privadokoak espero moduan, etxerako lanak bikain eginda eta oholtzan disfrutatzen.
Festarako \'rumba\' laukotea
Ahots lakarrarekin, gitarrekin ezin asmatuta eta kaxoi-flamenkoa bere aldetik erritmoarekin, deskalabrutik gertu egon ziren El trio Calaverakoak. Rubio joandako lagunari dedikaturiko kontzertua izan zen eta emaitza ere horixe: lagunartekoa. Hori bai Poteando por Oñati \"hit\"-ak ez du huts egiten eta giroa berotzea behintzat lortu zuten. Zerbezak, turutak, kanpaitxoak eta berriketa asko. Andaluziar ukituaz ere ez ziren ahaztu, azentu horrekin eta gazteleraz hitz egin zuten-eta kontzertuan. Lehiaketa euren modura moldatu dute, ez dago txarto, baina ikusi behar ea lehiaketa bera euren moduetara makurtuko ote den.
Dotorezia ia profesionala
Bigarrenak herri beretik baina alde ederrarekin. Turutak cowboy botengatik aldatu eta ondo pentsatu eta neurtutako emanaldiarekin etorri ziren Rock Privadokoak. Aitzakia gutxiko zuzenekoa da hauena, entsegu orduak bizkarrean eta egin nahi dena ondo jakinda. Neurria ere ondo hartua diote Danbakako formatuari – bigarren aldia da – eta nabari da. Etxerako lanak ondo eginda eta eurak disfrutatzeko prest. Abestiak eta eguneroko istorioak. Zer berri? Abestiak abestiago. Bi disko kalean izatea ez da-eta alferrikakoa (promoa egitea ere ez zitzaien ahaztu, badaezpada ere). Estilora zurrunegi lotzea da agian \"bainetako\" bat, originaltasuna puntuagarria da-eta.
\'Power\' emari justuegia
Gitarra biziak bai baina ez basatiegiak. Bateria, hori bai, zanpatzailea eta baxu betegarri jostaria. Horiek dira estiloaren elementuak baina piztia noiz agertuko zain utzi gintuzten Front Malabarrekoek. Izan ere, izerdi tanta batzuk gehiago ere ez lirateke sobera egongo.
Piztia piztuta, ikusleak nagi
Abadiñokoek bai, piztia berehala atera zuten, alajaina. Intro eta zeremonia guztiak egin eta hasi ziren ohiko zereginean: egurra baino beruna partituaz. Hauen jokoa ere aski ezaguna da Danbakan: muturreko musika, gitarra murruak eta indar menperagaitza. Teknikoki ezin finago eta energia uholde geldiezinarekin. Agian baterian ibili da piztia herrenka. Bestela, erritmoaren kontrol ia mekanikoarekin eurena izan da gaurko izerdi putzurik handiena. Pena azkenak jotzea eta ikusleak nekatu-antzean egon izana.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!