Kulturalak denboraldiko lehenengo porrota jaso du. Laudiok 1-3 irabazi zion Tabiran.
Hirugarren mailako liderraren eta bigarren sailkatuaren arteko lehian, arabarrak irten ziren atzo garaile.
Kulturalak 1-3 galdu zuen Laudioren kontra euripean jokatutako norgehiagokan. Laudio hobeto moldatu zen zelai pisutsura eta lehenengo zatian gol bi sartu zituen Tuto eta Javi Antonen bitartez. Bigarren zatian Durangoko taldeak aurrera egin zuen eta partiduan sartzeko aukerak izan zituzten, baina kontraeraso batean Silasek bisitarien hirugarren gola sartu zuen. Partidua amaitu arteko hogei minutuetan Kulturala gogor saiatu zen eta, gutxienez, Erizek markagailua apur bat estutzea lortu zuen 85. minutuan.
Ondorioz, Laudio lidertzan sendotu da eta Kulturalak bigarren postua galdu du
sailkapenean Amorebietaren mesedetan. Zornotzako taldeak 1-2 irabazi zuen Amurrioren zelaian.