Enpresei hiru modutan lagunduko diete: produktu eta merkatu berrien bilaketan, eta, teknologia baliagarrien txertaketan.
EAJk eta PSOEk aurtengo aurrekontuak aurrera ateratzeko Madrilen lotutako akordioaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan 111 miloi euroko inbertsioa egingo dute, batez, ere, sektore teknologiko-zientifikoan. EAJk adostutako kopuru horretatik 500.000 euro Durangaldeko industriaren lehiakortasuna berpiztera eta sustatzera bideratuko dituzte.
Durangaldeko Enpresarien Elkarteak sustatu du \'Lehiakortasun Poloa\' deitu diotena eta Azterlan zentro teknologikoak kudeatuko du. Eskualdeko industriak \"birmoldalketa\" behar duela azaldu du Julian Izaga Azterlaneko berrikuntza era teknologia zuzendariak eta horretarako \"produktua, merkatua eta teknologia\" modu egokian bateratu behar direla azaldu du.
[img]http://www.anboto.org/images/8300/8388/1.jpg[/img]
Egitasmoa, batez ere, industriaren arloko enpresa txiki eta ertainei zuzenduta dago (Mikropymeak) gaur egungo krisi egoeran pairatzen dituzten zailtasunak kontuan hartuta. Hiru modutako laguntza eskainiko dute: produktu eta merkatu berrien bilaketa eta teknologia erabilgarrien txertaketa.
BPGaren %50 industria sektoretik
Azterlanen eraikinean egindako prentsaurrekoan Durangaldeko alkate eta zerrendaburu gehienak batu dira eta baita Bizkaia Buru Batzarreko lehendakari Andoni Ortuzar ere. Inaki Totorikaguena Iurretako alkate jeltzaleak azaldu duenez, \"eskualdeko Barne Produktu Gordinaren %50a industria sektoretik dator\": \"Industria jarduera enpresa txikietan eta automozioaren inguruan kontzentratzen da gehienbat\". Industria jardueraren \"lerro bakar\" horretatik irten eta lehikortasunagaz batera dibertsifikazioaren beharra azaldu du hiru helburu lortu guran: \"Ekoizpen lerro berrien aztertzea, merkatu berriak bilatzea eta, posible bada, enpresa berriak sortzea\".
Ortuzarrek Durangaldearen \"pisu demografiko eta industriala\" gogoratu eta eskualdea pairatzen ari den egoeraz \"kontziente\" zirela azaldu du: \"Durangaldeko EAJk negoziazioetan eskualdeko egoera aintzat hartzeko eskatu zigun eta horrela egin dugu. Txina eta Brasil lako merkatuak indartsu datozen honetan, garrantzitsua da produktu eta zerbitzu berriak eskaintzea eta egitasmoa honek ildo horretan ale bat baino gehiago eskainiko duela uste dugu\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!