Bizkaiko Bertsolari Txapelketako laugarren kanporaketa jokatu zen domekan Igorren, eta berriztarrak finalerdietarako sailkapen zuzena lortu zuen. Eneko Abasolo \'Abarkas\' iurretarrak hirugarren postuan amaitu zuen; sailkatzeko aukera asko ditu.
Ia 600 lagun batu ziren Igorreko pilotalekuan txapelketako laugarren kanporaketa ikusteko. Miren Amuriza eta eneko Abasolo \'Abarkas\' ziren eskualdeko ordezkari; euregaz aritu ziren kantuan Ortzi Garitano, Peio Ormazabal, Beñat Vidal eta Joanes Igeregi. Berriztarrak irabazi zuen saioa eta horregaz batera finalerdietarako sailkapena ere bai. Gainerakoei alde handia atera zien puntuazioan.
Arrigorriagako Peio Ormazabal gaztea izan zen saioko sorpresa, bigarren postuan geratuz. Bere atzetik \'Abarkas\', berataz espero zen guztia eman barik; berak ere hala aitortu zuen azken agurrean. Urduritasunagatik edo, ez zen gustura ibili iurretarra. Dena dela, sailkatzeko aukera handiak ditu; puntuazioan bederatzigarren dago une honetan, eta 13 bertsolari pasako dira finalerdietara -aurreko txapelketako bost finalistegaz batera-. Azken kanporaketan bost bertsolarik gainditu beharko lukete, beraz, bidean geratzeko.
Getxon jokatuko da azken kanporaketa datorren domekan, eta bertan Durangaldeko hiru bertsolarik kantatuko dute: Gorka Lazkano, Beñat Ugartetxea eta Eñaut Uruburuk.
Igorreko puntuazioa:
1. Miren Amuriza 446,5 puntu
2. Peio Ormazabal 392 puntu
3. Eneko Abasolo \'Abarkas\' 365,5 puntu
4. Beñat Vidal 333 puntu
5. Ortzi Garitano 331 puntu
6. Joanes Igeregi 327 puntu
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.
EGIN ZAITEZ KIDE!