Miren Amurizak eta Eneko Abasolok kantatuko dute Igorreko gaurko saioan

Anboto 2010ko urr. 31a, 10:00

Igorreko kiroldegian jokatuko dute sei bertsolari bizkaitarrek txapelketako laugarren kanporaketa.

Igorreko kiroldegian jokatuko dute sei bertsolari bizkaitarrek txapelketako laugarren kanporaketa. Bizkaiko beste eskualde batzuetako bertsolariekin lehiatuko dira, udaberrian Durangaldeko txapela jantzi zuen Miren Amuriza berriztarra, eta Eneko Abasolo \'Abarkas\' iurretarra. Gaur, 17:30ean da bertsolarien jarduna entzun gura duten guztiendako hitzordua. Durangaldeko bertsolari biekin, Peio Ormazabal, Ortzi Garitano, Joanes Igeregi, eta Beñat Vidalek kantatuko dute Igorreko saioan. Guztiei gaiak ematen, Leire Aurrekoetxeak jardungo du. Laurehundik gora entzuleren aurrean jokatu zuten joan zen asteburuan hirugarren kanporaketa Aulestin, eta Ibon Ajuria gernikarrak batu zuen puntu gehien: finalaurreko saioetan jarduteko txartela lortu zuen, horrela. Horrenbestez, dagoeneko hiru kanporaketa saio jokatuta, Bizkaiko Bertsolari txapelketaren finalaurrekoetan, Oihane Bartra bilbotarrak eta Jone Uria algortarrak ere kantatuko dute. Kanporaketa saioetan batutako puntuen arabera osatuko da gero, finalaurrekoetarako zerrenda. Domekakoaren ostean, azaroaren 7an Erromoko kiroldegian izango den azkenengo kanporaketan kantatuko dute Durangaldeko beste hiru ordezkariek: Gorka Lazkano berriztarrak, Eñaut Uruburu abadiñarrak eta Beñat Ugartetxea mallabiarrak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!