Danbakako kontzertuak astebete barru hasiko dira

Anboto 2010ko urr. 15a, 09:14

Guztia prest dago IV. Danbaka musika lehiaketako lehenengo kontzerturako.

Guztia prest dago IV. Danbaka musika lehiaketako lehenengo kontzerturako. Atzo, eguena, Elgetako Espaloia kafe antzokian egindako prentsaurrekoan jakitera eman zuten Danbakan parte hartuko duten hogei taldeek noiz joko duten zuzeneko emanaldia.

SARIAK

Autengo edizioan bi sari banatuko dituzte. Alde batetik, Kutxak talde onenaren saria emango du: disko bat grabatzea. Eta, beste aldetik, Mondragon Unibertsitateak Debagoieneko talde onenaren saria emango du: bideoklip bat grabatzea. Baina kontzertuekin gozatzera joaten diren ikus-entzuleen artean zozketatzeko ere badaude sariak. Lehenengo kontzertuan, ESAITen eskutik, ESAITen materiala zozketatuko dute: zira, txapela eta kamiseta. Bigarren eta laugarren kontzertuetan, Danbakako materiala banatuko dute: kamisetak eta DVDak. Hirugarrenean eta bosgarrenean, Ganesha Tattoo-ren eskutik, tatuaje bonoak zozketatuko dituzte. Eta finalean, berriz, Laino Skate Park-en eskutik, skate materiala eta urtebeteko Laino Skate Parkean doan aritzeko sarrera zozkatuko dituzte.

BABESLEAK

Egueneko prentsaurrekoa babesleekin egin zuten, eta bertan izan ziren Iker Barandiaran, Danbakako koordinatzailea; Iñaki Altuna, Kutxa Gizarte Marketineko zuzendaria; Jaione Gartzia, Elgetako Kutxako zuzendaria; Susana Azpilikueta, Mondragon Unibertsitateko komunikazio arduraduna; Gorka Arizmendiarreta, Espaloia kafe antzokiko arduraduna ere. Danbakako laguntzaile nagusiak Kutxa eta Mondragon Unibertsitatea dira. MUk gazte ekintzaile eta sortzaileengan sinisten duelako laguntzen ei du Danbaka. Babesle txikiago batzuk ere baditu Danbakak: Gaurko Sein taldea, Ganesha Tattoo, Laino Skate Park, Shot, Gaztelupeko Hotsak eta Elgetako Udala. Danbaka zabaltzen den beste eskualdeetako herri aldizkariek ere laguntzen dute, hauek dira: Eibarko Eta Kitto!, Elgoibarko Barren eta Soraluzeko Pil-Pilean, Durangaldeko Anboto eta Ermuko Drogeteniturri. Antolatzaileak, berriz, Goiena eta Elgetako Espaloia kafe antzokia dira. Attrezo eta Iluminazioaz Jabi Ulla arduratu da.

SARRERAK

Sarrerak erosteko hiru modu daude: Goienako edozein egoitzatan edo Elgetako Espaloian erosi daitezke; bestela, telefonoz ere badago aukera, 943 25 05 05 telefonoan. Sarrerak 5 euroan salduko dituzte, baina Gazte Kutxagaz erosiz gero, 3 euro balioko du. Gainera, kontzertu guztiak, finala barne, ikusteko bono bereziak ere egongo dira. Bono horiek 22 euroan daude salgai. Gazte Kutxagaz erosita, berriz, 12 euroan.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!