Hogei musika talde laugarren Danbaka maketa lehiaketarako

Anboto 2010ko urr. 9a, 10:00

Goiena komunikazio taldeak antolatu eta Anbotok laguntzen duen maketa lehiaketan Durangaldeko musikariak tartean dituzten lau taldek hartuko dute parte.

Goiena komunikazio taldeak antolatu eta Anbotok laguntzen duen maketa lehiaketan parte hartu ahal izateko izena eman duten 24 taldeetatik hemeretzi aukeratu ditu, dagoeneko, epaimahaiak. Bere kantak disko batean grabatzeko lehiatuko den hogeigarren taldea entzuleek Interneten emandako botoen arabera aukeratu dute: Bergarako Dark Code taldeak jaso du Interneteko bozketan botorik gehien. Aldameneko argazkian jasotako Arrasateko ekitaldian, lehiaketaren jarraipena egingo duela aurreratu zuen Anboto astekariak, laguntzaile legez, Danbaka lehiaketaren gaineko informazioa argitara emateko.

Eskualdearen ordezkari

Durangaldeko musikariak tartean dituzten lau taldek hartuko dute laugarren Danbaka maketa lehiaketan parte: lehenago ere jardun izan duten Ymotek taldekoek berriro joko dute Espaloian. Maketa lehiaketan lehenengoz hartuko dute parte, bestalde, Yoko Out taldeko durangarrek, Ondarroa eta Berrizko musikariek osatzen duten Xarma taldeak, eta Durango eta Abadiñoko musikariek osatzen duten Doctors Klub taldeak. Rockaren, metalaren zein bluesaren eraginagaz Durangaldeko taldeok sortutako musikaren erakusleiho izango dira laugarren urtez Danbaka lehiaketako Elgetako Espaloia kafe antzokiko zuzeneko emanaldiak. Durangaldeko taldeok eta lehiaketan parte hartuko duten Debagoiena eta Debabarreneko gainerako musika taldeek ere zuzenekoak noiz eskainiko dituzten zehaztu barik dago oraindik, baina jakina da urriaren 22an, azaroaren 5ean, 19an eta 26an eta abenduaren 17an izango direla kontzertuak. Lehiaketako finala, berriz, urtarrilaren 14rako dago aurreikusita, Elgetako Espaloian. Zuzenekoetan egindako lanaren arabera aukeratuko duten talde irabazleak diskoa grabatzea izango du sari; Debagoieneko talde onenarendako saria eta ikusleena ere emango dituzte. Oñati, Arrasate, Mutriku, Bergara, Aretxabaleta eta Eibarko musika taldeekin lehiatuko dira udazkeneko maketa lehiaketan Durangaldeko musikariak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!