Gure ordezkariek ezin izan dute garaipenik lortu euskal ligako lehenengo jardunaldian.
Gure ordezkariek ezin dute garaipenik lortu euskal ligako lehenenego jardunaldian.
Elorriok 15-15 berdindu zuen Zarautzen kontra. Lehenengo 15 minutuetan Zarautz 10-0 aurreratu zen, kontraeraso bi zigor kolpe batekin eta entsegu batekin amaitu ondoren. Lehenengo zati osoan Zarautz jaun eta jabe izan zen joko estatikoan (melean eta touche-an) eta Elorrio ezinean ibili zen. Aurrez aurre jotzen zien haizeak ere ez zuen bat ere lagundu. Hala ere, aldageletara joan aurretik, zarauztarrek melean egindako huts bat baliatuz, Sergiok entsegua lortu zuen (10-5).
Bigarren zatian touchean hobetu egin zuten (melean nagusi jarraitu zuen Zarautzek) eta partidua berdindu egin zen. 15. minutuan Borjak entsegua lortu zuen eta Ekaitzek ondorengo puntu biak batu zituen (10-12). Pozak ez zuen luzaroan iraun. Segidan beste entsegu bat lortu zuen Zarautzek jokaldi landu eta dotore baten ondoren. Azkenengo minutuetan Elorriok agindu zuen eta zigor kolpe baten bidez Ekaitzek berdinketa ezarri zuen markagailuan. Partiduaren hondarrean beste zigor kolpe bat izan zuten, baina ezin izan zuten gauzatu. Datorren asteburuan, A multzora pasatzeko faboritoetako bat den Gernika Bren kontra jokatuko dute.
DRTk danetariko emaitzek izan zituen asteburuan. Euskal ligan Durango Ilarduyak 41-12 galdu zuen Irunen zelaian. Kadeteek eta gazteek, aldiz, irabazi egin zuten. Kadeteek 5-59 eta gazteek 5-28 irabazi zuten Errioxan.
Sistema berria
Euskal ligan sailkatzeko sistema berria ipini dute aurten martxan. Orain, 16 taldeak multzo bitan banatuta daude. Elorrio eta Durango Ilarduya multzo berean daude. Denek denen kontra jokatuko dute, baina partidu bakarra, bueltakorik gabe. Lehenengo hirurak A multzorako sailkatuko dira; 4. eta 5.ak B multzora eta azkenengo biak C multzora. Seigarrenek elkarren kontra jokatuko dute: irabazlea B multzora joango da.