Gazteentzako komiki digital eta ikus-entzunezko tailerrak

Anboto 2010ko ira. 22a, 15:52

Ikima ekimenaren jarraipena da -Iurretako alkatearen berbetan, \'pausu bat gehiago\'- Making izenagaz aurten aurkeztu duten proiektua.

Durangar zein iurretar gazteak udal liburutegietara erakartzeko helburuagaz, 2007an martxan ipini zuten Ikima ekimenaren jarraipena da –Iurretako alkatearen berbetan, \"pausu bat gehiago\"– Making izenagaz aurten aurkeztu duten proiektua. Tailer bi dira, 14 eta 25 urte artekoei zuzendurikoak: biak ala biak teknologia berriak eta gazteen interesak uztartuz landuko dituzten gaiei buruzkoak: komikigintza digitala eta book trailer izenekoak osatuko dituzte. Euren gustuko ekimen \"dinamiko eta modernoak\" eskainiko dituzte, gazteak herri bietako liburutegietara erakartzeko; urrian eta azaroan burutuko dituzte tailerrak. Durangoko Aitziber Irigoras eta Iurretako Iñaki Totorika alkateek eta azken hiru urteetan ere Ikima tailerrak sustatu dituen Atarte kultur elkarteko Idurre Arrazola kudeatzaileak egin dute \"irudi eta formatu berriagaz\" datorren Making proiektuaren aurkezpenerako prentsaurrekoa.

Gazteen hizkeran

Blog bat kudeatuko dute proiektuan parte hartzen duten gazteek (www.makingsarea.blogspot.com helbidean), eta interneteko sare sozialak ere baliatuko dituzte. Gazteak liburutegietara erakartzeko, \"gazteen lengoaia\" eta teknologia berriak baliatuko dituzte aurten, antolatzaileek diotenez. Urriaren 19an, 18:00etan, Iurretako Ibarretxe kultur etxean egingo dute gazteei zuzenduriko aurkezpena. Urriaren 22an eta 29an, komiki digitalak landuko dituzte Durangon, eta azaroan egingo dute book-trailer tailerra Iurretan: liburu baten ikus-entzunezko sinopsia grabatzeko. Aurreko edizioetan ere komikigintza irakatsi duen Anartz Aranguena komikigileak eta Lara Izagirre Zornotzako zinegileak gidatuko dituzte tailerrak.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!