[img]http://www.anboto.org/images/7700/7791/1.jpg[/img] Izena: Inma Rafael
Taldea: Debabarrena Kirolgi (laugarren denboraldia)
Herria: Bilbokoa da eta Atxondon bizi da
\"Birako etapa bakoitzak klasiko bat ematen zuen\"
Inma Rafael Emakumeen Bira korritzen ibili da Debabarrena Kirolgi taldeagaz eta egunero kontatuko digu etapak zer sentzazio utzi dizkion. Barrutik bizi duen batek daki ondoen tropelean zer ari den egosten.
Lehia estua espero genuen, baina Hauslerrek Angulon eta Urduñan guztiz apurtu du lasterketa.
Ez du uste hain alde handirik inork espero zuenik. Hauslerrek erakustaldia eman du. Arndti ez dakit zer gertatu zaion. Nik ikusi dudanean erritmo ona zeraman, baina dagoeneko Hausler oso aurretik zuen. Beharbada dena galduta ikusi duenean hasi da ondoen igotzen.
Gaurko etapa ere nekagarria izan da.
Etapa guztietan esan dut, baina aurtengo bira oso gogorra izan da eta ez eguraldiagatik bakarrik. Atzo sektore biko jardunaldia izan zuten txirrindulariek eta gaur 10:00etan hasi da Urduñako etapa. Uste dut gizonetan hori arauen bidez debekatuta ere badagoela. Emakumeetan, aldiz, gaur ikusi dugun moduan horrelako kasuak ematen dira. Arndt nekatuta ibili da, baina sailkapenean lehenengo 20en barrua zeuden hainbat ere justuan ikusi ditut.
Hausler ez ezik Van Vleuten ere aurretik zihoala jakinda, arraroa egin zait Vos eta Johanssonek Arndti lagundu ez izana. Azkenean, biak podiumetik kanpora geratu dira.
Nire ustez aldea asko handitu denean, etsi egin dute eta hotzean pentsatzen hasi dira. Uztailaren 2tik 10era Italiako Giroa hasiko da eta oraindik ia hiru aste falta diren arren, alperreko ahaleginik ez egitea erabakiko zuten.
Aurtengo Emakumeen Birako zer balorazio egiten duzu?
Lehenengo postuetarako borroka ikuskizun hutsa izan da, benetan interesgarria. Handik atzerakoei, ordea, bira lar gogorra egin zaie eta ez dut uste euriagatik bakarrik izan denik. Txirrindulari asko ez dira hain proba gogorrerako mentalki prestatuta etorri. Hala ere, aspaldiko Birarik exigenteena izan da. Nik neuk zein ezagutzen ditudan askok hainbat bider korritu dugu Emakumeen Bira, baina aurten ohiko prestaketarekin etorrita ere gogorra egin zaie. Etapa bakoitzak klasiko bat ematen zuen: harlauza, mendate luzeak, bide estuak, euria...
Zelan ikusi duzu zure taldea, Debabarrena Kirolgi?
Nire taldeari buruz balorazio bi egingo nituzke. Oro har aztertuta zorte txarra izan dugu eta ez gaude hain pozik. Bigarren etapan lau taldekidek lasterketa utzi behar izan genuen: erorikoak, bizikletak apurtu, nik lesionatuta utzi egin behar... Baina Leire Olaberriak eta Ane Santestebanek itzuli oso ona osatu dute. Olaberria pistan da espezialista, baina errepidean ere lehiakor ibili da. Santesteban txirrindulari gaztea da. Kalitate handia eta esperientzia gutxi du eta maila oso ona eman du.
Lehenengo etapako iritzia
Bigarren etapako iritzia
Hirugarren etapako lehen sektoreko iritzia
Hirugarren etapako lehen sektoreko iritzia