[img]http://www.anboto.org/images/7700/7788/1.jpg[/img] Izena: Inma Rafael
Taldea: Debabarrena Kirolgi (laugarren denboraldia)
Herria: Bilbokoa da eta Atxondon bizi da
\"Hausler errebantxarako gogoarekin egongo da\"
Inma Rafael Emakumeen Bira korritzen ibili da Debabarrena Kirolgi taldeagaz eta egunero kontatuko digu etapak zer sentzazio utzi dizkion. Barrutik bizi duen batek daki ondoen tropelean zer ari den egosten.
Goizeko sektoreko esfortzua asko igarri dute txirrindulariek.
Ikaragarri igarri dute. Betikoek aurrera egin ondoren, gainerakoei oso luzea egin zaie etaparen amaiera. Sailkapenean lehen 25etan sartuta zeuden hainbatek ere asko sufritu dute. Gainera Zumeltza gainetik helmugara arteko 55 kilometroak gorebeheratsuak dira, ez dago atsedenerako denborarik.
Ane Santesteban eta Leire Olaberriagaz egon zara etapa amaitu ondoren. Zer kontatu dizute?
Eurentzako etapa horixe izan dela orain arteko gogorrena. Nekatuta eta apur bat adoregabetuta somatu ditut, baina normala da, pasatu dutena pasatu ondoren. Etapa ez zen luzea, baina goizeko sektorearen ondoren hankek pisu handia zuten. Hasieratik igarri dute hankek ez zutela erantzuten. Etapa hain arin apurtzen denean, tropela hain hautsita dagoenean eta helmugarako hainbeste kilometro falta direnean, ez da erraza animoari goian eustea.
Beste sprint bat eta beste garaipen bat Vosentzat.
Abiatu denean inor ez da ausartu garaipena lehiatzen. Azken ehun metroak bakarrik egin ditu, beste guztiak gurpilean zituela. Atzo Johanssonek aurrea hartu zion; apur bat adoregabetuta ere egongo zen Arndt eta Hausler aurretik ihes eginda helmugaratu zirelako eta nik uste erdi despistatuta harrapatu zuela sprintak. Gaur bere legea ezarri du.
Biharko etapa falta da eta dena airean dago.
Biharko etapa luzea eta gogorra da. Hasieran, ohi moduan, onenen selekzioa egingo da, baina benetako erasoak Angulo edo Urduñako mendateetan etorriko dira.
Zer egin behar du Hauslerrek Arndti 12 segundo horiek jateko?
Ez da erraza izango. Hausler igotzaile puruagoa da, baina Arndtek oso indartsu dagoela erakutsi du. Iazko traza du lasterketak. Iaz ere azkenengo etapan erabaki zen Bira. Orduko hartan, Arndtek aldea atera behar zion Hauslerri eta Urduñan behera ihes eginda lortu zuen hori. Hauslerrek ez zuen hori ahaztuko. Errebantxarako gogoa izango du. Dena dela, erabaki beharrekoa aldapan gora erabakiko da aurten; ez dut uste beherantz inor despistatuta ibiliko denik. Nik Vos ere ez nuke baztertuko. Ia minutu bira dago, baina batek daki…
Dena dela, ematen du Vosek podiumeko postua defendatzen nahiko lan izango duela. Vos, Johansson, Cooke eta Van Vleuten 21 segundoren barruan daude.
Egia da. Baten baten aldeko apustua egin behar banu Vosen aldekoa egingo nuke. Besteak baino txirrindulari erregularragoa da. Cooke badakigu nor den; batzuetan ez dagoen tokitik ere indarra ateratzen du eta ezustekoa emateko gai da.
Lehenengo etapako iritzia
Bigarren etapako iritzia
Hirugarren etapako lehen sektoreko iritzia