Uriartek eta Ajuriak jantzi zuten txapela nagusietan

Anboto 2010ko mai. 3a, 09:33

Nagusien mailako finala ikusgarria izan zen. Aurrelariek tanto on asko egin zituzten. Azkenean, Uriarteren eskuinak eta inspirazioak hautsi zuen partidua. Rober Uriarte abadiñarra eta Anartz Ajuria galdakoztarra dira nagusietan aurten San Prudentzio Txapelketako irabazleak. 14-22 menderatu zituzten final borrokatuan Atxotegi soraluzearra eta Lopez ortuellarra. Atzelariek gogotik lan egin zuten eta aurrelariek tanto ikusgarri asko egin zituzten, horietako hainbat airez. Partidu erdira arte oreka izan zen nagusi. Pilotek jokatzen uzten zuten eta atzelariek ezin zioten batak besteari bizkarra erakutsi. Bina, hiruna, launa, bosna, seina eta bederatzina berdindu ondoren urdinak (Rober eta Ajuria) aurretik iritsi ziren lan erdietara (9-11). Zati horretan aurrelari biak inspiratuta ibili ziren. Atxotegik gantxo bi sartu zizkion abadiñarrari: bata zabalean, bestea txokoan. Uriartek beste gantxo bi ezkutatu zituen zabalean eta eskuin sotamano itzel bati ia zortzian eragingo zion botea, Lopez airez eramaten alperrik saiatu ez balitz. Ajuria beti bezain langile zebilen, baina urdinek Uriarte jokoan gehiago sartzea behar zuten eta halaxe egin zuen. Abadiñarrak bikotearen pisua bere gain hartuz, lautik bere erritmoa ezarri zuen eta orduantxe hartu zuten alde erabakigarria. Gorriek serio jarraitu zuten lanean eta Atxotegik azpimarratzeko moduko tanto bi egin zituen eskuin boleaz horma biak jota. Azkenean, Uriarte eta Ajuria nagusitu ziren, laurek oso maila altuan jokatu zuten finalean.

Gazteak eta kadeteak

Gazteetan Markel Etxaniz eta Andoni Aizpuru azpeitiarrek jantzi zuten txapela; 17-22 menderatu zituzten Xabi Urbieta asteasuarra eta Ibai Arratibel ataundarra. Aizpurua oso sendo agertu zen atzean eta Etxaniz bizi aurrean. Arratibel ibili zen lauretan pattalen; pilotak ez zion eskutik ohiko abiaduraz irten eta behar baino pilota gehiago galdu zituen. Urbieta gogotik saiatu arren ezinean aritu zen. Galtzaileek saskiko pilotarik biziena atera zuten ahal izan zuten bakoitzean; Aizpuruari gehiago erasaten zion pilota horrek bote luzeagoa zuelako, eta, abiadura eta pisua zekarrelako. Hala ere, Aizpurua ederto moldatu zen egoera guztietara eta zalantza barik bai berak eta bai Etxanizek merezita jantzi zuten txapela. Kadeteetan Olano leitzarrak eta Artola alegiarrak 22-12 irabazi zieten Goikolea amurriarrari eta Imaz oiartzuarrari. Artolak agindu egin zuen atzean eta Olanok haizea alde zuela jokatu zuen. [img]http://www.anboto.org/images/7500/7506/2.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/7500/7506/1.jpg[/img] [img]http://www.anboto.org/images/7500/7506/3.jpg[/img]
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!