Mendibeltzek lehen erregionalerako igoera lortu dezake asteburuan

Anboto 2010ko api. 30a, 10:00

Bigarren erregionaleko areto futbol liga amaitzeko jardunaldi bi falta dira, eta Mendibeltz liderrak lau puntuko aldea ateratzen die Gernikako Lagunak B eta Begoñazpiri.

Bigarren erregionaleko areto futbol liga amaitzeko jardunaldi bi falta dira, eta Mendibeltz liderrak lau puntuko aldea ateratzen die Gernikako Lagunak B eta Begoñazpiri. Beraz, domekan Basauriko Ibaibide menderatuz gero, igoera matematikoki lotuta izango lukete. Durangoko taldeak behetik gorako bidea egin du aurtengo denboraldian. Zazpi fitxaketa berri egin zituzten, baina eskas ekin zioten ligari. Ibai Ortuostek onartzen duenez, \"hasieran ez genuen talde moduan jokatu\". Apurka-apurka, talde dinamika finkatu ahala, garaipenak heldu ziren eta denboraldiko zati handi bat goiko postuetan eman dute: \"Talde moduan jokatzen ikasi dugu, eta hor dago aurtengo ibilbide onaren gakoa\". Okerrena da ia talderik osatu ezinik geratu direla azkeneko jardunaldietarako. Lesioek gogor erasan diete, eta hasierako bostekoa osatzeko ere arazoak dauzkate. Asteburuko lehiarako sei jokalari bakarrik dauzkate jokatzeko prest. Beraz, lagun bakarra egongo da aulkian, eta bera \"orain hiru hilabate lesionatu eta oraintxe errekuperatu den jokalaria da\". Hala ere, partiduari eusteko \"ondo\" daudela aitortu digu Ortuostek. Euren atzetik doazen aurkari biek irabaziko ez balute, Mendibeltzi berdinketak ere balioko lioke. Txarrenean ipini eta partidua galtzen badute, datorren asteburuan Egartsuak hartuko dute, eta Egartsuak taldeak ere ez du ezer jokoan. Beraz, domekan huts eginda ere igotzeko beste aukera bat izango lukete azken jardunaldian.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!