Zilar Astea 2010: Sarrionandia

Anboto 2010ko mar. 18a, 13:56

Gaur goizean aurkeztu dute Durangoko Plateruena Kafe Antzokian Zilar Astearen lehen edizioa. Martxoaren 24tik 28ra bitartean, Zilar Astearen lehen edizioa burutuko da Durangon. Hainbat eragile eta ikastetxeren bultzadaz, urtean behin antolatuko den aste tematikoa da honakoa. Ekimenari hasiera emateko, Joseba Sarrionandia idazlea hartu dute lan ardatz moduan. Hainbat ekitaldi izango dira aipaturiko egunetan. denek izango dute Sarrionandiaren obra oinarri.

M-24, 25: \'Koblakariak behar ditugu\'

Ikusentzuneko honek emango dio hasiera egitarauari. Hilaren 24ko emankizuna ikasleentzako izango da, goizeko 10:00etan Plateruenean. Hurrengo egunekoa, zabala, leku berean baina iluntzeko 20:00etan. Sarrionandiaren testuak oinarri, Gotzon Barandiaranek errezitaldia egingo du, Unai Iturriagak eta Miren Amurizak bertsotan egingo dute, Eñaut Elorrietak abesteko ardura izango du, eta Karrikakoek esketxak aurkeztuko dituzte.

M-26: \'Aulki Jokoa\' antzezlana

Le Petit Théâtre de Pain konpainiaren obra hau izango da ikusgai martxoaren 26an San Agustinen, gaueko 22:00etan. Iurretako idazlearen zenbait idatzi erabilita, erbestetik bueltatu ezin den gizon baten istorioa kontatzen digu Lapurdiko taldeak, Ander Lipus zuzendari duela. Bakardadetik ihes egin gurako du protagonistak. Manex Fuchs ibiliko da aktore lanetan, eta Battitt Elissalde izango da musikaria.

M-27: Xabier Mendiguren

Xabier Mendiguren idazle beasaindarrak emango du Literatura Eskolako hurrengo ikasgaia. Literatura aztertzea du helburu eskola honek; era ibiltarian Euskal herriko hainbat txokotan izaten da. Hilaren 26an Durangon izango da hitzordua, goizeko 10:00etan Udal Liburutegian. Sarrionandiaren ipuingintzaz ariko da Mendiguren. Bertaratzen direnentzako hiru liburu irakurtzea gomendatu du: Narrazioak, Atabala eta euria eta Ifar aldeko orduak.

M-28: Ibilaldia, testuak oinarri izanda

Kartzelak eta erbesteak duten moduan, Joseba Sarrionandiaren letretan sorlekuak ere izan du lekua. Makina bat erreferentzi egin izan ditu Iurreta, Durango eta inguruko parajeetaz. Horregatik, Zilar Asteari amaiera emoteko, iurretarrak aipaturiko gune batzuetatik osteratxoa antolatu dute hilaren 28rako. Goizeko 10:00etan izango da urteera Plateruenean. Iurretako Aita San Migel plaza, Goiuria, Axkorra eta Ertzilgo garaitik pasako da.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!