BBK sariketako bertso saioa gaur, Durangoko Institutuan

Anboto 2010ko mar. 9a, 08:58

Institutuko aretoan dute gaur Durangaldea eta Bilboaldeko bertsolari gazteek kanporaketa.

Institutuko aretoan dute gaur Durangaldea eta Bilboaldeko bertsolari gazteek kanporaketa. Joan zen eguaztenean hasita, martxoaren 26ra arte jokatuko dute Bizkaiko eskualdeetako bertsolari gazteen BBK sariketa. Arratia, Bilboaldea, Busturialdea, Durangaldea, Ipar Uribe, Lea-Artibai eta Enkarterriak eskualdeetako taldeetan jardungo dute 50 bertsolari gaztek. Eguaztenean Igorren hasi zen lehiaketak gaur izango du Durangon saioa: Institutuko aretoan dute Durangaldea eta Bilboaldeko bertsolari gazteek kanporaketa. Talde bakoitzak bi saio egin ohi ditu txapelketa honetan, eta punturik gehien lortzen duten bi taldeek lortzen dute finalerako txartela.

Durangaldekoa

Bestalde, Durangaldeko Bertsolari Txapelketaren aurresaioak noiz eta non izango diren ere jakitera eman dute: apirilaren 23an Mallabiko Izar Gorri elkartean jardungo dute, 21:00etatik aurrera, Durangaldeko sei bertsolarik lehenengo aurresaioan: Gorka Lazkano eta Miren Amuriza berriztarrek, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak, Unai Ormaetxea zornotzarrak, Beñat Ugartetxea mallabitarrak eta Julen Sololuze ermuarrak jardungo dute, afalostean, Izar Gorri elkartean ahal duten paperik onena egiten. Apirilaren 30ean Iurretako Oromiño auzoko txokoan izango da Durangaldeko 2010eko Bertsolari Txapelketaren bigarren aurresaioa; Ander Aldazabal eta Jon Ander Urkiaga zornotzarrak, Eneko Abasolo \"Abarkas\" iurretarra, Ander Salaberria durangarra, Eñaut Uruburu abadiñarra, eta Mallabiko irabazlea arituko dira. Udazkenean hasiko den Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkatzeko baliagarri izango dira Mallabia eta Iurretako Oromiño auzoko saioetako jardunok.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!