Pedro Horrillo: "Batzuetan iruditzen zait helikopteroan eri eraman zutena ez nintzela ni izan"

Anboto 2010ko ots. 4a, 08:57

Ibilbide betea egin zuen Pedro Horrillok profesionaletan, baina Giroko amildegi batek ezusteko amaiera eman zion. Txirrindulari legez erretiroa hartuta, beste norabide batean da orain ermuarra. Etorkizunerako eskaintzak izan arren, patxadaz hartuko dituela esan digu. Txirrindularitza profesionala bai, baina bizikleta ez du baztertu.

Pedro Horrillok erretiroa hartu behar izan zuen; erabaki zaila inondik ere. Baina Giroan izandako erorikoak eskaintzei uko egitera bultzatu zuen. Beragaz berbetan jardun gara, hontaz eta hartaz. Kirolarien ibilbide profesionalak aitzakia bat du: nahi baino arinago amaitzen dela. Behin adin batera iritsita (denek egiten duten moduan) Pedro Horrillok (35 urte, Ermua) ere bere kabalak eginda zituen: \"Beste pare bat urte\", kalkulatu zuen. 17 urteko ibilbide oparoaren kolofoi behar zuen urtea, denetan beltzena bihurtu zuen Giroko amildegi batek. Baina erorketak ezin du lausotu txirrindulari eman dion guztia: korritu dituen 13 itzuli handiak (zortzi Vuelta, hiru Giro eta Tour bi), Munduko Txapelketa biak, irabazi dituen bederatzi etapak eta han eta hemen utzi dituen gomutak eta bizipenak. Erorketaren uneko ezer ez du gogoratzen eta horrek asko lagundu ei dio errekuperazioan: \"Batzuetan iruditzen zait helikopteroan eri zeramatena ez nintzela ni izan\", aitortu du. Erori zenetik bere erretiroa jakinarazi zuen arte joandako ia bederatzi hilabeteak berba bitan laburbildu daitezke: lana eta esperantza. \"Nik hasieratik asimilatu nuen bueltatzea ezinezkoa izango zela. Baina errehabilitazio prozesuan medikuek aurreikusi baino aurrerapen handiagoak egiten nituen. Beraz, amesten hasi nintzen. Hala ere, itzulera posiblea harrapatzeko zorian egon nintzen txori bat legez ikusten dut eta ez eskuetatik ihes egin zidan txori baten moduan\". Rabobanken eskaintzari uko egitea erabaki zaila izan zen, baina, \"argi nuen berme osoagaz ez bazen ez nintzela bueltatuko; eta banekien ehuneko ehuna ezingo nuela eman\". Txirrindularitza profesionala utzi izanak ez du esan nahi bizikleta baztertu duenik. Errehabilitazioak hala exijitzen diolako eta gustuko duelako, astegunetan egunero ibiltzen da pedalei eragiten. Oro har, errekuperazio prozesuagaz gustura dago: \"Oraindik, posible denetan eskailerak ekidin eta igogailua hartzen dut, baina bizimodu normala egiteko ez dut inolako eragozpenik. Areago, oraindik jaitsieretan min ematen dit, baina ahal dudanean Anbotora igotzeko gogoz nago\".

Etorkizuna patxadaz hartzen

Profesional zela etorkizunari buruzko gogoetekin ez obsesionatzea erabaki zuen eta oraindik berdin pentsatzen du: \"Hainbat eskaintza jaso ditut txirrindularitza mundutik eta handik kanpora. Rabobankek talde teknikoaren parte izatea eskaini dit eta El Pais egunkariak Tourreko korrepontsal legez joatea, kazetariari laguntzen. Lasaitasunez aztertu nahi ditut eskaintza guztiak. Orain proiektuak entzuten eta orientatzen nabil\". Aita lanera bueltatu dadin presarik ez dutenak seme-alabak dira: \"Lehen bat-batean luzaroan desagertzen nintzen… Orain denbora gehiago ematen dut eurekin. Txikia ume bat da oraindik, baina besteak lau urte ditu eta gertatu zaidanaz kontziente da. Pozik daude. Jakina, aitak amak baino permisiboagoak izaten dira-eta!\".
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!