Elorrio eta Iurretako orpoz orpo dabiltza goialdean

Anboto 2010ko urt. 27a, 09:57

Ligaren erdia joan denean, Iurretakok eta Elorriok mailaz igotzeko hautagai sendoak direla erakutsi dute.

Ligaren erdia joan denean, Iurretakok eta Elorriok mailaz igotzeko hautagai sendoak direla erakutsi dute. Urduliz liderra aparteko liga batean ari dela onartuta —lehen itzuliko neurketa guztiak irabazi ditu— promoziora bideratzen duen bigarren postuaren lehian dabiltza eskualdeko talde biak. 37na punturekin berdinduta daude bigarren eta hirugarren tokian eta Artibai da euren erritmoari eusten ari den bakarra, 36 punturekin. Elorriok garaipen garrantzitsua lortu zuen Errigoitiren kontra joan zen asteburuan (0-1). Horrela, Iurretakoren estropezua baliatuta bigarren kokatu dira. Iurretakok denboraldiko hirugarren porrota jaso zuen Larrakozelain Lekeitioren kontra (1-2). Aurtengo denboraldian etxetik kanpora askoz hobeto dabiltza. Oraindik ez dute partidurik galdu. Etxean, aldiz, 10 puntuk ihes egin diete. Iurretakok bigarren postua berreskuratzeko aukera du asteburuan; izan ere, Elorriok Urduliz jasoko du Eleizalden. Iurretakok Berriatuaren zelaian jokatuko du. Berriatukok ez du partidurik galdu etxean: lau garaipen eta lau berdinketa.

Zalduak ezin du lorik hartu

Zalduak bana berdindu zuen Gazteluzarraren kontra eta jaitsiera postuekiko oraindik aldetxoa mantentzen badute ere, ezin dira deskuidatu. Etxetik kanpora ezin dute emaitza onik bildu; zortzi partidutan lau puntu besterik ez dituzte lortu. Asteburuan Lekeition jokatuko dute.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!