Larrinagak zaleen aurrean bilatuko du txapelketako lehen garaipena

Anboto 2010ko urt. 26a, 09:22

Ostiralean (urtarrilak 29) Berasaluze IXak eta Iñaki Larrinagak Elorrion jokatuko dute Bigarren Mailako Binakako Txapelketako hirugarren partidua.

Ostiralean (urtarrilak 29) Berasaluze IXak eta Iñaki Larrinagak Elorrion jokatuko dute Bigarren Mailako Binakako Txapelketako hirugarren partidua. Ostiraleko partiduan durangaldeko hiru pilotari izango ditugu lehian. Arretxe IIak Ibai Zabala berriztarrekin osatuko du bikotea. Aurrez aurre, beste berriztar bat, Asier Berasaluze, eta Iñaki Larrinaga elorriar debutatu berria izango dituzte. Berasaluze IXak eta Larrinagak orain arteko partidu biak alde handiz galdu dituzte. Lehenengoan berriztarrak ezin izan zuen jokatu gripe baten ondorioz (Cabrerizok jokatu zuen bere ordez). Bigarrenean jokatu zuen, baina oraindik ez zegoen guztiz errekuperatuta eta Larrinagak atzean erakutsitako nagusitasuna ezin izan zuen aprobetxatu. Ostiralean nahitaezkoa dute garaipena aurrera egiteko aukerekin segitu nahi badute. Arretxe IIak eta Ibai Zabalak, aldiz, orain arte partidu bi jokatu eta biak irabazi dituzte: 22-17 menderatu zituzten Retegi II eta Cecilio eta 22-10 Aritz Lasa eta Merino. Bestalde, Pablo Berasaluzek eta Aritz Beginok ere ostiralean jokatuko dute Lehen Mailako Txapelketari dagokion partidua. Zornotzako pilotalekuan Pascual eta Titin IIIa izango dituzte arerio.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!