Pablo Berasaluzek eta Beginok ezin izan dute bigarren garaipena lortu

Anboto 2010ko urt. 18a, 14:08

Galdu egin dute 20-22 Irujoren eta Beroizen kontra.

Galdu egin dute 20-22 Irujoren eta Beroizen kontra. Lehen jardunaldian irabazitako bikote bi lehiatu ziren atzo (urtarrilak 17) Eibarko Astelenan. Pilotalekua ia lepo bete zuten zaleek ez zuten esperotako ikuskizunik gozatu. Oro har, oso galtzaile ibili ziren atzelari biak. Aurrean Berasaluze VIIIa defentsa lanean sarriago aritu zen erasoan baino. Irujok, partidu ikusgarririk egin gabe, sasoian dagoela erakutsi zuen. Partidua bikain hasi zuten berriztarrak eta Beginok. 5-1 aurreratu ziren markagailuan. Ondoren, Irujok bere erritmoa markatu zuen eta partidua irauli zuten. 18-12an galtzen zihoazela, Begino berriro egurrean hasi zen eta Berasaluzek asmatu egin zuen aurrean, lehia 18n berdinduz. Azkenean, bikote bietako edozeinek irabazi zezakeen, baina gorriek atera zuten partidua aurrera. Ondorioz, Irujo eta Beroiz multzoko liderrak dira bitik bi irabazita. Berasaluze VIIIak eta Beginok ostiralean (urtarrilak 22) jokatuko dute hurrengo lehia. 22:15etik aurrera Xalaren eta Zubietaren kontra jokatuko dute Irungo pilotalekuan.

Bigarren mailan

Bestalde, bigarren mailako Binakako Txapelketa ere abian da, eta eskualdeko ordezkariak baditugu bertan. Asteburuan, Larrinagak galdu egin zuen, eta Zabalak irabazi.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!