Kulturala, gora begira

Anboto 2009ko abe. 21a, 13:23

Durangoko Kulturalak garaipen handia lortu du asteburuan Eibar Bren zelaian. Joseba Garciak hat-tricka lortu du.

Durangoko Kulturalak garaipen handia lortu du asteburuan Eibar Bren zelaian. Atsedenaldira 3-0 galtzen joan dira, baina bigarren zati ikaragarrian 3-4 irabazi dute. Joseba Garciak hat-tricka lortu du. Ondorioz, Kulturala seigarren kokatu da sailkapenean eta hiru puntura du Zamudio hirugarren sailkatua. Amorebieta eta Real Sociedad B lehenengo eta bigarren daude, hurrenez hurren, durangarrengandik zazpi eta sei puntura. Kulturalaren datuak azpimarragarriak dira. Etxean ez du partidurik galdu — lau garaipen eta bost berdinketa— eta etxetik kanpora hiru neurketa irabazi ditu. Horrez gainera, golik gehien sartu duen hirugarren taldea da (29 guztira) lehen bi sailkatuen atzetik. Eguaztenean Arenasen kontra jokatuko du urteko azkenengo partidua Tabiran. Berrizek bana berdindu du Ohorezko Mailan Ortuellaren kontra. Talde biak jaitsiera ekiditeko lehian dabiltza eta puntu banaketak ez ditu estuasunetik atera. Berriz azken laugarren dago eta etxean eta etxetik kanpora garaipen, berdinketa eta porrot kopuru bera du aurtengo denboraldian: garaipen bana, launa berdinketa eta bina porrot. Hurrengo lehia Deusturen kontrakoa da urtarrilaren 3an. Lehen Erregionaleko gure hiru ordezkarientzat jardunaldi bikaina izan da asteburukoa. Zalduak 2-1 irabazi dio Bakiori; Iurretakok 0-3 Basconia Bri eta Elorriok 0-2 Etxebarriri. Ondorioz, Elorrio eta Iurretako bigarren eta hirugarren daude sailkapenean eta Zalduak beheko postuak apur bat urrundu ditu. Bigarren Erregionalean Abadiñok 3-3 berdindu du Galdakaoren zelaian. Azkenik, Hirugarren Erregionalean Elorrio Bk bina berdindu du etxean Busturiaren kontra; Ezkurdik puntu bat urratu du Itugarpeten zelaian eta Artibai Bren eta Extremeñoren arteko lehia bertan behar utzi zuten durangarrak 2-1 galtzen zihoazela.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!