Ostalaritzan lanuzteak egingo dituzte gaur, "hitzarmen duina" eskatzeko

Anboto 2023ko eka. 1a, 10:03

Guztira bederatzi orduko lanuztea egingo dute, hiru orduko hiru geldialdi eginda. 07:00-10:00 artean, 12:00-15:00 bitartean, eta 19:00etatik 22:00etara egingo dituzte etenaldiak. Bilbon, gainera, manifestazioa egingo dute 20:00etan.

ELA, LAB, CCOO, eta UGT sindikatuek lanuzteak egitera deitu dituzte Bizkaiko ostalaritzaren sektoreko beharginak. Honako ezaugarri hauek jasoko dituen "hitzarmen duin bat" lortu gura dute: "soldatak Kontsumorako Prezioaren Indizea aintzat hartuta igotzea, lanaldien kontrola eta erregulazio eraginkorra, urteko orduen murrizketa, aldi baterako ezintasunagatiko baja estaldura bermatzea eta ikasgeletako ratioen murrizketak ezartzea etxeetako zerbitzarientzat". Gatazkan inplikaturiko sindikatuek duela astebete adierazi zutenez, "pandemian zehar ostalaritza izan zen sektorerik zigortuena, aldi baterako Lan-Erregulazioko Espediente askorekin eta %30etik gorako soldata galerekin". Eurena "kolektiborik prekarizatuenetako bat" dela diote, "kontratu partzialak, soldata miserableak eta lan karga onartezinak" dituztelako besteak beste. 

Horregatik guztiagatik, gaur lanuzteak eta mobilizazioak iragarri dituzte. Guztira bederatzi orduko lanuztea egingo dute, hiru orduko hiru geldialdi eginda. 07:00-10:00 artean, 12:00-15:00 bitartean, eta 19:00etatik 22:00etara egingo dituzte etenaldiak. Bilbon, gainera, manifestazioa egingo dute 20:00etan. Protesta Ledesma kaletik abiatuta egingo dute. Lanuzteek sektore osoari eragin diezaiekete. Kafetegiei, tabernei, jatetxeei, eta baita ikastetxeetako edo egoitzetako katering zerbitzua eskaintzeaz arduratzen diren sektoreei ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!