Gidariek okerren baloratzen duten autopista AP-8a da, bidesariaren kontrako plataformak dioenez

Anboto 2023ko mai. 9a, 10:52
AP-8 Peajerik ez! plataformako kideak, Zornotzan egindako protesta batean.

AP-8 Peajerik ez! plataformak dioenez, Batzar Nagusietarako hauteskundeak direla eta, "herritarrek aukera dute bolante kolpe bat eman" eta "egoera arduragabea hobetzeko". Bidesariak kentzeko eskaria egin dute. 

AP-8 Peajerik ez! eta Auzokracia plataformek Espainiako Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) egindako ikerketa baten berri eman dute. Txosten hori oinarri hartuta, jakinarazi dute gidariek "okerren" baloratzen dituzten ordainpeko autopistak bi direla. AP-8 eta AP-1. Durangaldetik igarotzen den AP-8 autopistaren kasuan, azpimarratu dute "saturazioa", "lan etengabeak", "bihurgune itxiak" eta ordainpeko autobide baten berezko abiadura mugak "degradatzen" duten tarteak daudela. Gipuzkoako eremuan, bereziki. Gidariek 5,7ko puntuaketa eman diote azpiegiturari, OCUren ikerketaren arabera.

Batzar Nagusietarako hauteskundeak martxan daudela eta, plataforma biek adierazi dute "herritarrek bolante kolpe bat emateko" aukera daukatela, "benetan lan egiten duten pertsonak aukeratzeko", eta "egoera arduragabea hobetzeko". "Hasteko, bidesariak kendu behar dira, Foru Aldundiek gure lurraldeetako herritarren ekonomia itotzen jarraitzeko modu erraza baitira", esan dute.  

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!