Sindikatuen berbetan, Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federakuntzak (FVEM) "gatazkaren aldeko apustua" egin du, "bidezkoa den hitzarmen bat lortzeko eskubidea zapalduta". Jarrera hori alboratzea "exijitu" diote patronalari: "egun hauetan kalera irten eta borrokan aritu diren milaka langileen aldarrikapenak entzun ditzala eskatzen diogu. Langileek argi dute: bidezkoa den hitzarmen bat lortu bitartean borrokan jarraituko dugu", adierazi dute. Hori dela eta, metalgintzan ordezkaritza duten zazpi sindikatu nagusiek (ELA, CCOO, LAB, UGT, ESK, CGT eta CNT) "negoziazio mahaian eseri eta edukiak eskaintzea exijitu" diote patronalari.
Poliziaren "basakeria"
Sindikatuek "gogor" salatu dute polizia agenteek egun hauetan izandako "basakeria". Langileen eskubideen kontra joandako "kolpeak, identifikazioak, miaketak" eta "atxiloketak" salatu dituzte. "Mehatxu eta presioen aurrean" langileen arteko "elkartasuna eta konpromisoa" gailendu direla adierazi dute sindikatuek.