Martxoak 8

“Mugimendu feministak sarritan salatu du zaintzan krisi izugarri bat dagoela, eta pandemiak ere erakutsi du hori”

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 2a, 13:06

Elorrioko Udalak horrela eskatuta, Errotik kooperatibak egungo zaintza eredu eta sistemari buruzko diagnostikoa egin du. Diagnostiko hori datorren martxoaren 9an aurkeztuko dute, 18:00etan. ANBOTOk ikerketa horretan parte hartu duen Savina Lafita Solé Errotikeko kideagaz berba egin du.

Azken hile hauetan, Elorrioko zaintza ereduari buruzko diagnostikoa egiten ibili zarete. Zeintzuk dira atera dituzuen ondorio nagusiak?
Diagnostikoa forma ezberdinen bitartez egin dugu eta hainbat beharrizan topatu ditugu. Gure diagnostikoa hiru zatitan banatu dugu. Alde batetik, familia eremuko zaintzaileak daude. Hau da, mendekotasuna duten senideak zaintzen dituztenak. Bestetik, etxean norbait zaintzen lan egiten dutenak kokatu ditugu. Eta, azkenik, instituzioetan zaintza alorrean lan egiten dutenak.

Ikerketa egiterakoan, hainbat gabezia aurkitu dugu hiru alorretan. Familia esparruan esaterako, zaintzailerik gehienak emakumezkoak direla ikusi dugu, eta emakume nagusiak direla. Gehienek diote dituzten zerbitzuak ez direla nahikoa, eta euren denbora librea, gehiengoa, mendekotasuna duten familiako kideak zaintzen ematen dutela. Beraz, lan karga horrek euren osasun fisiko eta mentalean eragiten du. Hori kontuan hartuta, euren familiartekoak zaintzeko bitarteko gehiago izatea oso garrantzitsua dela diote; baita espazioak sortzea ere, euren beharrizan berdintsuak dituzten pertsonekin horiek partekatzeko, besteak beste.

Lanari dagokionez, hau da, familia batek mendekotasuna duen pertsona bat zaindu ezin duenean, kanpoko pertsona bat kontratatzera jotzen du. Etxeko eremu horretan hainbat kontu gertatzen da, eta guk ia ezin dugu eskurik hartu horretan. Dena familiaren borondatearen menpe geratzen da. Bagenekien oso sektore prekarioa zena, baina diagnostikoari eskerrak detektatu dugu informazio falta izugarria dagoela, bai emakume zaintzaileen partetik, baita familien partetik ere. Elkartzeko guneak falta dituztela esan digute, herrietan batez ere, bertan informazioa emateko, adituekin berba egiteko eta aholkularitza eskaintzeko, besteak beste. Gainera, konturatu gara desinformazio handia dagoela, lan osasuneko kontuetan batez ere, eta lan hau baztertuta geratzen dela laneko arriskuen prebentzioko legetik. Elorrioko Udalak eta Mankomunitateak lan handia egiten dute arlo honetan, baina pandemia dela-eta zerbitzu hauek bertan behera utzi zituzten aste askotan, zerbitzuok oso beharrezkoak ziren sasoian, hain zuzen ere. Familiek esan izan digute zerbitzu hauek bizia ematen dietela, izan ere zenbait laguntza mota jasotzen dituztelako bertatik. Laguntzetariko bat arlo psikologikoa da. 

Zelan eragin du pandemiak arlo honetan?
Bagenekien gabezia izugarriak zeudena arlo honetan, baina horiek oraindino handiagoak direla agerian uzteko balio izan digu pandemiak. Mugimendu feministak sarritan salatu du zaintzan krisi izugarri bat dagoela, eta pandemiak ere erakutsi du hori. Pandemia dela-eta, denak gainezka egin du orokorrean, baina bizitzak aurrera jarraitzen duela ikusi dugu, eta zaintza ezin dela eten. Esaterako, hainbat eta hainbat ekintza bertan behera geratu dira pandemia sasoian, baina zaintza lanek hor jarraitzen dute. Gainera, herri askotan, tartean Elorrion, zaintza sareak sortu eta antolatu dira beharrizana izan dutenei laguntzeko. Beraz, esan daiteke pandemia koktel handi bat izan dela, eta horrek batez ere zaintzaileengan izan duela inpaktu handia. Bata dela edo bestea dela, asko eta asko lanik barik geratu dira. Eta hori gutxi balitz, arazo handiak izan dituzte instituzioek emandako diru laguntzak jasotzeko. Eta borrokatu egin behar izan dute laguntza horiek jaso ahal izateko.

Behin diagnostikoa eskuetan duzuela, zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Elorrioko analisi orokorra egiteaz gainera, parte hartzaileekin (guztira, 53 kidek parte hartu dute: 43 emakumek, 6 gizonezkok eta euren sexua zehaztu ez duten 4 pertsonak) batera hainbat arazo edo gabezia detektatu dugu. Eurekin elkarlanean, gabezia horiei konponbidea ematen ahalegindu gara, eta orain udalaren esku geratuko da horiek aztertzea. Baita horiek praktikan ipintzea ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!