Berrizko Udalak %1 igoko ditu zergak eta tasak

Maialen Zuazubiskar 2019ko aza. 13a, 09:54

Joan zen astean egindako osoko bilkuran, 2020rako zergak eta tasak %1 igotzea onartu zuen Berrizko Udalak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoagaz eta Berrizen Podemosen abstentzioagaz. EH Bilduk, ostera, gobernu taldearen proposamenaren kontra bozkatu zuen. Orlan Isoird Berrizko alkateak jakinarazi zuenez, planteatu duten igoera orokorra eguneraketa "xume bat" da.

EH Bilduk, "urtero" egin duen moduan, udalaren ordenantza fiskalak "progresiboagoak eta justuagoak" izan daitezen, bere proposamenak egin zituela jakinarazi zuen bilkuran. Honako hauek izan ziren bere proposamenak: alde batetik, udalak diru-laguntzak eskaintzea higiezinak dituzten baliabide ekonomiko gutxiko pertsonentzat. Bestetik, ingurumenaganako begirunea eta jasangarritasunaganako konpromisoa saritzeko asmoz, autokonposta egin edo organikoa bereizten duten berriztarrentzat tasa murritzagoak planteatzea. "Proposamena egin dugu, baina ez dugu erantzunik jaso", adierazi zuen Josu Albizuri EH Bilduko kideak. 

"Taldekoak bilkuraren aurretik batu gara, eta planteamendua bestelakoa izan beharko zela uste dugu. Esaterako, bosgarren edukiontzia ipintzekotan gara, eta, beraz, uste dugu hobari horiek etorkizunean ipini beharko liratekeela", esan zuen alkateak. "Orain ipintzen baditugu, jende gehiago animatu daiteke", erantzun zion EH Bilduko Karmen Amezuak alkateari.

Proposamena bozkatu ez zuten arren, Berrizen Podemoseko eta PSE-EEko zinegotziak EH Bilduren proposamenaren alde agertu ziren, eta gobernu taldea kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!