'Inun' kantautorearen kontzertua, maiatzean, Euskararen Etxean

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko api. 24a, 10:43

Mikel Inunziaga Inun bakarlari zornotzarrak Aingurak izeneko diskoa aurkeztuko du maiatzaren 24an Bilboko Euskararen Etxean, Azkue fundazioak antolatuta. 

20:00etan hasiko den emanaldian diskoa grabatzeko lagun izan duen banda ere egongo da: Argibel Euba baterian; Dani Tomas gitarra elektrikoan; Bihotz Gorospe koro eta perkusioekin; Ekain Alzola baxuan; eta kontzertu honetarako Sergio Mayoral tronpeta-jolea ere izango da.

Hirugarren diskoa
Bere hirugarren diskoa da, Berregiten eta Da Nola izenekoen ostean. "Hobekuntza asko tarteko, baina lehenengoaren freskotasuna eta makillaje gutxi ditu, eta bigarrenaren instrumentazio landuago bat".  Gaiei buruz, hurrengoa dio zornotzarrak: "Gaurko egoera sozialari eta norbanakoari buruzko galderak eta kritikak planteatzen ditut". Hala ere, ez du "tristeziaren apologia" egin gura izan.

Jon Benito idazle zarauztarraren Aingurak erreketan poeman oinarritu da diskoari izenburua ipintzeko. "Poema hura irakurri nuenean pentsatu nuen: hauxe musikatu egin behar dut", esan du musikariak. Benitorenez gainera, Iñigo Astizen eta Iñaki Mendizabalen letrak ere baditu bere Aingurak lanak. 

Lutxo Egiaren "oreka"
Inunen disko aurkezpenean Lutxo Egia idazleak parte hartu zuen, eta hausnarketa interesgarria egin zuen aingurei buruz, zornotzarraren lana estimatzeko metafora lez. "Aingura, indar handiko irudia da. Izan ere, zeintzuk dira gure aingurak? Denok estekatzen gaituzten aingurak badaude, denok ditugulako. Baina era berean, aingura zerbait positiboa ere bada, sendotasuna erakusten baitu, deribaren kontrako elementua baita, eta orekarako giltza ere bai. Hain zuzen ere, disko berri honetan, nik oreka ikusten dut".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!