Bizkaiko bertsolari txapelketaren udazkeneko fasea aurkeztu dute

Anboto 2016ko urr. 5a, 16:10
Bilboko Kafe Antzokian egin dute, gaur, udazkeneko fasearen aurkezpena.

Urriaren 15ean hasiko da Bizkaiko bertsolari txapelketako udazkeneko fasea. Bost kanporaketa eta hiru finalaurreko izango dira, eta abenduaren 17an jokatuko dute finala.

Mungiako Olalde aretoan jokatuko dute, urriaren 15ean, txapelketaren udazkeneko faseko lehenengo kanporaketa, eta Durangaldeko hiru bertsolari daude saio horretan kantatuko duen seikotean: Aitor Bizkarra, Garikoitz Sarriugarte eta Miren Amuriza.

Guztira 30 bertsolarik parte hartuko dute urritik abendura arteko saioetan, eta Durangaldekoak dira horietariko zazpi. Udaberriko fasean bildutako puntuei esker lortu zuten udazkeneko faserako txartela Txaber Altube eta Aitor Bizkarra abadiñarrek, Garikoitz Sarriugarte zaldibartarrak eta Beñat Romero zornotzarrak, eta Bizkaiko txapelketaren finalean inoiz kantatu izan dutelako lortu dute udazkeneko faserako txartela Beñat Ugartetxeak, Eneko Abasolo Abarkas-ek eta Miren Amurizak.

Fase berri honetako bederatzi bertso saioetatik bakarra jokatuko dute Durangaldean: azaroaren 5ean, Olazar frontoian egingo dute bosgarren kanporaketa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!