Juan Torre: "Jendeak atsegin du argazkiak ukitu ahal izatea"

Anboto 2016ko ots. 23a, 18:27

“Ez ukitzea” artean txikitatik erakutsi diguten kontua izan da. Hori irauli nahian dabil Juan Torre (Getxo, 1956) kazetari eta argazkilaria, erliebez osaturiko argazkiak eginez itsuentzat. Ikusmenean daukan %92ko ezgaitasuna  ez da oztopoa izan bere pasioarekin jarraitu ahal izateko. Torreren Ukitzeko irudiak izeneko erakusketa Elorrion dago ikusgai hilaren 26rarte. Bertan, Mikel Erentxun, Paco de Lucía, Benito Lertxundi eta Ainhoa Artetari egindako erretratuak daude ikusgai. Argazki hauek ez dira ikusteko soilik, ukitzeko eginak baitaude.

Ukimenari garrantzia handia ematen diezu erliebedun argazkiekin. Artea ukitu beharreko gauza dela uste duzu?

Artea ikusteko, ukitzeko eta gozatzeko tresna dugu. Nire asmoa beti izan da argazkia ukitu daitekeen zerbait bilakatzea, ez dadila izan ikusteko soilik. Nik % 8a baino ez dut ikusten, eta nire antzeko arazoa duten pertsonei argazkiak transmititu nahi nizkien. Horregatik, bai itsuentzat, bai ikusmen arazoak dituztenentzat, material berriekin osatutako argazkiak sortu nituen. Bertan irudiak erliebedun formak hartzen ditu, eskuekin ulertzeko.

Zertan datza erabili duzun didú teknika?

Argazkiei erliebea eta bolumena ematen dien teknika da. Photoshop bitartez irudia lantzen da. Nik ideia eduki nuen arren, Zamudioko enpresa batek lantzen dit. Gaur egungo inprimagailuek material asko eraldatzeko aukera ematen dute, eta nik aluminioa erabili ohi dut.

3Dko teknologia darabilten inprimagailuek leiho berri bat zabaldu diote argazkilariari?

Teknologia berria dugu 3D-a. Torloju txiki bat egitetik gure autoaren ate bat egiterainoko indarra duten inprimagailuak dira. Nik uste dut, baina, argazkilaritzarekin baino eskulturarekin daukatela harreman estuagoa. Azken finean, materiala eraldatzen duten tresnak dira, eta argazkiaren kasuan, didú teknika da ukigarria egingo duena. 3D inprimagailuekin eginda, beharbada argazkiaren oinarri planoa galduko genuke.

'Ukitzeko irudiak' esposizioagaz 2010tik zabiltza. Zelakoa da publikoaren harrera?

Hasieratik publiko zabalak erantzun paregabea eman du; 5 urteko umeetatik pertsona helduetara, jendeak atsegin du argazkiak ukitu ahal izatea. Hasieran, ikusmen arazoak zituzten nire lagunei zuzendu nahi nien zerbait zen erakusketa, argazkiek transmititzen ziena ulertzeko. Gerora, oso harrera ona eduki du, eta hainbat lekutan egon da ikusgai esposizioa. Jendeak gehien errepikatzen duen hitza “flipantea” da. Ez daude ohituta argazkiak ukitzera eta esperientzia berri hau begi onez ikusten dute. Adin guztietako publikora zuzenduta egoteak ere asko laguntzen du.

Zer dela eta musikagileen erretratuak?

Musikarekin harreman estua izan dut betidanik. Beçhet sindromea diagnostikatu zidatenean eta ikusmena galtzen hasi nintzenean, bateria jotzen hasi nintzen. Erretratuak gainera musikari ezagunenak dira, publikoak ezagutzen dituenak.

Argazkilari izateaz gain, kazetaria ere izan zara. Urte haietatik zer gogoratzen duzu?

Argazkilari modura ibiltzen nintzen, eta gaixotasunarekin ezin nuen bizimodu harekin jarraitu. Argazkilaritza, baina, betidanik izan da nire pasioa eta horri loturik jarraitzeko musikagileen erretratuen ideiarekin hasi nintzen.

Pertsona itsuek  traba asko aurkitzen dituzte artean?

Bai. Gizartea oraindik ez dago pertsona itsuen beharretara moldatuta. Badira baldintza egokiak ez dituzten eraikin publikoak. Egia da semaforo eta igogailuetan egin izan direla hobekuntzak, baina oraindik asko dago egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!