Iritsi da Break On Stage: kale kulturen zaleen zita

Anboto 2015ko api. 21a, 10:07
'Parkour' erakustaldia egingo du Adan Perez kataluniarrak.

Apirilaren 25ean, Bilboko Bilbao Arena kale kulturaren askotariko adierazpenez beteko du Break On Stage jaialdiak, 19:00etatik aurrera.

Elorrioko Arriola antzokiak eta Logela Multimedia talde elorriarrak sortutako jaialdia da Break On Stage, eta Bilbon egin dute azken urteetan. Break On Stage kultura urbanoen agertokiko jaialdirik garrantzitsuena da Estatu mailan, erreferentea.

Aurten, besteak beste, iraupen laburreko 20 ikuskizun eta zuzeneko musika ere eskainiko ditu jaialdiak. Breakdance, kale dantzen beste hainbat modalitate, eta patinete, bizikleta eta parkour erakustaldiak izango dira, besteak beste, mundu osoko partaideen eskutik. Tartean izango dira otsailean Elorrioko Akadantz lehiaketa irabazi zuten Zaragozako Atu Ritmo Crew eta Irungo Golden Konexion ere.

Dantza emanaldi eta bestelako erakustaldi horien ostean, 21:00etatik aurrera, hip hop kontzertua eskainiko dute Shotta sevillarrak eta La Bandha del Patio taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!