Ibarra finalera, eta 'Abarkas' eta Amuriza atean

Amaia Ugalde 2014ko aza. 24a, 11:51

Zapatuan Etxebarrian jokatu zuten Bizkaiko bertsolari txapelketako lehen finalaurrekoa. Frontoian 600 lagun batu ziren eta giroa bero zetorren. Bertsolariek, tarteka ideia onak bota bazituzten ere, ez zuten saio borobil-borobilik egin. Puntuetan oso tarte txikiagaz, azkenean Iratxe Ibarrak (475,5 puntu) lortu zuen finalera zuzenean sailkatzeko txartela. Eneko Abasolo 'Abarkas'-ek laugarren egin zuen (469 puntu) eta Miren Amurizak, seigarren (464 puntu).  

Txapelketetan, puntuazioaren zain egoteko unea heltzen denean, normalean gutxi gorabehera bakoitzak bere faboritoa izaten du. Bertsolari batek ale oso onak bota dituelako, besteak barre-algara asko eragin dituelako... Kinielatxoa egiten joaten da entzulea. Bada, zapatu honetan, Etxebarrin, ez da erraza izan kinielak egitea. Bertsolariek nahiko saio orekatua egin dutela esan daiteke, oreka desorekatuaz berba egin daiteke beharbada. Egon dira aleak, baina distira askorik ez. Eta amaieran, Durangalderako bereziki, sorpesa tristea; Miren Amurizak seigarren eginda "Agur Bizkaia eta/ agur Etxebarri" kantatu zuen azken agurrean. Erantzuna, txalo zaparrada handia. Eneko Abasolo 'Abarkas', laugarren geratu da, eta finala urrun xamar dauka honek ere.

Ofizioetan nahiko lan erregularra egin zuten Amurizak eta Abarkasek. Zortziko txikian, esaterako, Amuriza bale bat gertutik ikustera joan zen txalupan Ander Elortegigaz. Elortegik arpoia atera eta balea afaltzeko intentzioa zeukan, eta Amurizak ondo erantzun zion horrelako ideiak burutik kentzeko: "balea hurbildu eta / biok gaitu blaitu / zu halan be oilarran / pare jarri zaitu / gaur afari ederra / diozu baina aitu / ni konforme berak gu /jaten ez bagaitu".

'Abarkas'ek hamarreko txikian Joseba Artzagaz kantatu zuen. Biak lo arazoekin, loa ikertzeko esperimentu baten parte hartzen zebiltzan. "ni izan nintzen mediku / batzuen bezero / hamar pastilla hartzen / nituen gauero / eta lo hartzen nuen / gaba joanda gero" lako ideiak bota zituen.

Kartzelan, dimisioa

"Dimititu egin duzu" izan zen Etxebarrian kartzelako gaia. Amurizak Gallardonen paperean kantatzea aukeratu zuen, abortoaren lege proposamenak porrot egin eta gero dimitituz. Ausarta izan zen aukeraketa, baina postura horretan guztiz eroso ez zen ibili berriztarra. Aipatzekoa da Maná talde mexikarraren Se me olvidó otra vez kantuaren moldaketa egin duela Amurizak, eta harekin kanatatu zuela.

'Abarkas' alkatearen paperetik ibili zen kantuan. Erraustegiaren auziarekin herrian hainbat burukomin eta borroka zituela azaldu zuen: "holakoetan sentitu nahi du herri xumearen parte". "ta dimititu egin behar dut / nago arazoez lepo / ea atzetik datorren horrek / egin dezaken hobeto" esanaz amaitu zuen.

Puntuazio orokorra:

Iratxe Ibarra: 475,5

Fredi Paia: 475,5

Joseba Artza: 469

Eneko Abasolo 'Abarkas': 469

Ander Elortegi: 467

Miren Amuriza: 464

Informazio gehiago, txapelketako webgunean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!