Protesta eguna deitu dute gaurko A8ko langileek

Anboto 2014ko mar. 31a, 09:17

A8-ko langileak, gaur goizean Iurretan egindako lanuztean
Hitzarmen kolektiboaren alde lanuzteak deitu dituzte gaurko eta apirilaren 4rako. Goizean 07:30etik 09:30era egin dute geldialdia, eta arratsaldean 17:30etik 19:30era geldituko dira berriro.

 

Gutxiengo zerbitzuetako langileak lan egin arren, goizean auto-ilarak sortu dira Iurreta eta Zornotzako ordainlekuetan.

Bizkaiko A 8a kudeatzen duen Gebisa enpresako langileak dira geldialdiak egiten dabiltzanak. "Akordio bat lortzeko enpresaren borondate eskasa dela-eta", deitu dituzte lanuzteak. Lan erreformaren alde eta hitzarmen kolektiboaren kontrako jarrera ikusten dute Gebisarengan: "Zuzendaritza lan erreformaz baliatu nahi da, Bizkaiko Foru Aldundiak azaroan eman zuen jarraibide teknikoari jaramon egin barik". Lan-baldintzak okertzeaz gainera, foru aldundiari kasu ez egitea "oso larria" iruditzen zaie langileei.

Horrez gainera, enpresak soldata-eskala bikoitza sortu gura dutela azaldu dute langileek: "Ondorioz, lehen, bigarren, eta hirugarren mailako langileak egongo dira".

ELA eta LAB sindikatuak deitu dituzte protestak. Hitzarmena zaindu eta lan-erreformatik blindatu gura dutela azaldu dute, baina euren berbetan, "enpresa ez dago prest blindaje hori onartzeko".  Bizkaiko Foru Aldundiak kontratatutako enpresei jaramon "eskasa" egiten dietela salatu dute.

Erabiltzaileei, aldez aurretik parkamena eskatu diete langileek, "gogoz kontra hartu behar izan dugun neurri honen eragozpenengatik".

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!