Azken finalaurrekoaren ondoren erabakita dago abenduaren 15eko finalean nork kantatuko duen: Miren Amuriza eta Iratxe Ibarra sailkatu ziren domekan; Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Igor Elortza, Jone Uria, Fredi Paia eta Onintza Enbeitak osotuko dute zortzikoa.
Miren Amurizak lehenengo eginda, eta Iratxe Ibarrak puntuazioz, finalerako sailkatzea lortu zuten domekan Gernika-Lumon. Beñat Ugartetxeak egin zuen hirugarren. Txispa ipintzen edarto ibili zen mallabiarra, eta harek jaso zituen arratsalde hotzeko barre gehienak.
Zortziko txikian ale politak eman zituzten bai Amurizak eta baita Ugartetxeak ere. Beñat muletekin dago ebakuntza baten ostean, eta muletek euren protagonismotxoa izan zuten saioan. Peio Ormazabalekin pertzebeak harrapatzera joan zenean, adibidez, marea igotzen hasi zen, eta Ugartetxeak handik joatea gura bazuen ere, Ormazabalek ezetz: "nik muletekin uger ikusi nahi zaitut". Mallabiarrak ea hara joan aurretik zer edo zer edan zuen galdetu zion, eta muletkin igeri, bai: "prueba egingo dut etxeko bañeran".
Iratxe Ibarra eta Miren Amuriza koru baten jarri zituzten zortziko txikiko ariketan. Amurizak desafinatu eginten zuen, baina hari ez zion ardura: "Shakira be holantxik egin zan famatu". Ibarrak bota zion haren belarriak "bertsotan egiteko be ez dau balio". Polito jardun zuten elkarri erantzuten.
Bizitzaren ikuspegiak
Hamarreko txikian Amuriza eta Ugartetxea ibili ziren buruz-buru. Ugartetxea beti iraganera begira bizi zen, eta Amuriza etorkizunerako planak egiten. Beñatek umorez hasi zuen bertsoaldia: "medikuek muletez naute ni ipini / mulatekin hobeto ibiltzen nintzen ni". Hori esan eta garrazten joan zen bere bertsoaldia, paperean ondo sartuta. Miren, animoak ematen: "mulatak zuri itxoiten ondiño dabiltza / nik jakinik laburtuz doala bizitza / gehiago bizi nahi dot momentu bakoitza". Bizitzea eta irautea ez dela berdina, eta horrelakoak kantatu zituen Ugartetxeak. Halako baten: "lorik egin ezinik astean zazpi gau / heriotzak bakarrik konpon lezake hau". Mirenek edarto erantzun zion: "Jesus, Beñat ez dozu gaur zuk kexa gitxi (...) egin dagigun negar, barre ta irrintzi / ta bien bitartean hil artean bizi".
Kartzelan, danbatekoak
Kartzelarako honako gaia ipini zien Maite Berriozabalek: "Danbatekoaz atea itxi eta bazoaz. Ez dakizu bueltatuko zaren". Joseba Artzak eta Peio Ormazabalek izan ezik, besteek bikoteagaz edukitako eztabaidak aukeratu zituzten kanturako. Artzak laneko nagusiari eman zion danbatekoa, eta gero damututa ibili zen, berriro lan eske joatekotan. Ormazabalek berriz, gerrara joateko zarratu zuen atea, 1936ko gerrako miliziano paperean.
Kartzela umoretsuena Beñat Ugartetxeak egin zuen. Andreak adarrak ipini zizkiola oso kurioso kantatu zuen lehen bertsoan. Horrela amaitu zuen: "gaur saio baten bueltan etxean / a ze nolako problema / nere emazte morena / ohe barruan barrena / ohe barruan barrena / i aiaiai eta orruak, a zelako gozamena! / neure lagunik onenarekin ari dela da txarrena". Iratxe Ibarrak kartzelakoan kantatutakoak. Bikoteagaz "kokoteraino" zegoelako eman zion danbatekoa ateari: "emon deutsadaz aukerak / eztauz aprobetxau berak / ona izatea gauza bat da ta tonta izatea beste bat". Miren Amurizari bikoteak adarrak ipini zizkiola kontatu zion, eta horregatik joan zen etxetik. Hasieran lurjota zegoen, baina amaierarako jarrera aldatu zuen: "etxetik urten eta euripean negarrez ari nazela / sentiduten naz zazpi urteko neskatila bat bezela / oin bakarrik nagoela / aldatu dala erregela / baina ze kristo zabiz Mirentxu / zuk dozu indar itzela / inor etxetik joatekotan mutila joan daitela"
Agurretan, saioko irabazlearena nabarmentzekoa, Euskararen Eguna ahotan hartuta:
"Eskerrik asko entzule gaur be
alboan izan zaittugu
bertso-trenari bultza egiten
alkarregaz dihardugu
hizkuntza dugu gure lan-tresna
hizkuntza da gure gudu
Abenduaren hirugarrenak
hori dabenez goiburu
atzo eta gaur, bihar ta etzi,
euskaraz bizi nahi dugu"
Txapelketako puntuazioak eta informazio gehiago: www.bizkaikotxapelketa.biz