Atzoko jardunaldiaren ostean erabakita geratu dira Cafes Baqué Torneoko finalerdiak. Kadeteetan Esteban-Jaka eta Elezkano-Arratibel lehiatuko dira. Gazte mailan Egiguren-Jauregi eta Ezkurdia-Arrietaren arteko partiduetatik irtengo dira finalista biak. Finalerdiak Atxondoko pilotalekuan jokatuko dituzte, eguaztenean, 19:00etatik aurrera.
Atzoko partiduetatik azpimarratzekoa da Torneoari ekiten zioten lau pilotariek —teorian faborito beharko luketenek— galdu egin zutela. Sailkatu zirenetatik pilotari bi txapela janzteko faborito moduan nabarmendu daitezke. Kadeteetan Ibai Arratibelek 18-9 irabazi zion Sabin Guarestiri. Ataundar garaiak ederto baliatu zituen bere beso luzeak aurkaria menderatzeko; aurrean, berriz, dejada zehatzak bota zituen.
Gazteetan Iban Jauregi zarauztarrak —Ataungo pilota eskolarekin jokatzen du— erakustaldi ikaragarri eman zuen. Joseba Etxebarriari ez zitzaion erauntsiari men egin beste erremediorik geratu (22-6). Jauregik bizi erabili zuen pilota, oso bizi ere, eta aurrean dena irten zitzaion: bi hormakoak, dejadak, ezkerziarrak… arriskatu zuen guztia. Olaburun batutako zaleak harrituta utzi zituen. Gazte mailan bera eta Ezkurdia dira finalerdietako faboritoak.
Kadeteetako bigarren final-laurdenean Victor Estebanek 18-12 irabazi zion Apeztegiari. Estebanek ondo jokatu zuen eta Apeztegiak, aldiz, ez zuen bere mailarik eman.
Azkenik, gazteetan Arrietak Lanak 22-15 menderatuta lortu zuen final atarirako txartela. Markinarrak zuzen jokatzea nahiko izan zuen irabazteko. Lanak apenas arriskatu zuen, eta, atzera eta atzerako taktikak ez zion mesederik egin.